- Oposizioak (EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak) alkatearen aldetik jasaten ari diren "etengabeko errespetu faltak" salatu dituzte.

Alkateak oposizioko zinegotziak "umiliatu" egiten dituela aipatu dute. "Alkateak bere botere posizioa baliatzen du zinegotzien lana gutxietsi eta hauek umiliatzeko".

Ines Benitez Elkarrekin Zumarragako bozeramaileak azkeneko osoko bilkuran "hitzezko lintxamendua" jasan zuela salatu dute. "Horren aurrean, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu, bai berari, bai bere alderdi politikoari zein berau ordezkatzen duten herritarrei".

Alkatearen jarrerak bizikidetza ezinezko bihurtzen duela gehitu dute. "Herritarren ordezkari gisa egiten dugun lanarekiko eta egiten ditugun proposamenekiko errespetu faltak lankidetza eragozten du, Udalaren irudia kaltetzen du, Udalean egiten den lanari balioa eta ospea kentzen dizkio, Udalaren antolaketa ahultzen du eta talde teknikoa desmotibatzen du", azaldu dute.

Alkatearen jarrera bestelakoa izan beharko litzatekeela uste dute. "Alkateak, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, osoko bilkuren eta batzordeen funtzionamendu egokiaren berme izan behar du. Baina kontrakoa sustatzen du. Lankidetza eta eguneroko jarduerak modu egokian egitea bultzatu ordez, alderdien eta zinegotzien arteko haserrea susta-tzen du". Hori guztia dela eta, alkateari hausnartzeko eskatu diote. "Erakundea eta milaka zumarragarren ordezkariak errespeta ditzala, jarrera alda dezala eta zerbitzu publikoaren alde ari diren pertsonak zaindu ditzala".

Ez dituzte deskalifikazio gehiago onartuko. "Errespetua eska dezakegun gutxienekoa da. Beraz, hemendik aurrera ez dugu inola ere gure lan politikoa gutxiesten duen jarrerarik onartuko".