Ostiralean diplomak banatu ziren Urretxun Bizi Gara harrera eskolaren aurtengo edizioko parte hartzaileei. Egitasmo honetan Urretxura bizitzera etorri den jendeak parte hartzen du. Bertako zerbitzuen, ohituren eta euskal kulturaren berri ematen diete. Egitasmo hau udalak bultzatzen du eta herriko hainbat elkarteren laguntza du.

Aurrekoetan bezala, teknikariek, eragileek eta herriko erakunde eta elkarteetako ordezkariek eman dizkiete azalpenak. Ikasleek historia, gizartea, kultura, enplegua, etxebizitza, hezkuntza, hizkuntza, osasuna... izan dituzte hizpide.

Horra hor aurten graduatu diren urretxuarren izen-abizenak eta jatorria: Brian Eduardo Suarez Diaz (Kolonbia), Siomara Carmona Garcia (Kolonbia), Zuleija Larosi Hamdi (Sahara), Candida Omogo Ncogo Mofuman (Ekuatore Ginea), Norma Marilu Tamariz Espinoza (Peru), Osasu Omoruyi (Nigeria), Seynabou Diagne (Senegal), Maria Faisury Sanchez Plaza (Kolonbia) eta Cesar Luis Silva Sermeño (Venezuela). Ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak eta Monica Leiva Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko arduradunak parte hartu zuten.