Sofia Gabanna eta Foyone, larunbatean Zumarragan

Goizean grafiti tailerra egongo da Zelai Arizti pilotalekuan, hori ere Aldundiaren Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren barne

13.10.2021 | 00:37

zumarraga – Gipuzkoako Foru Aldundiak beste eragile eta udalerri batzuekin elkarlanean antolatzen duen Gipuzkoan Gazte Tour ekimenak Zumarragan geldialdia egingo du larunbatean. Grafiti tailerra eta kontzertuak egongo dira.

Grafiti tailerra Zelai Arizti pilotalekuan izango da, 12.00etan. GKOk pintura teknika ezberdinak eta diseinu bat hutsetik sortzearen nondik norakoak azalduko ditu. Gainera, parte hartzaileek bi horma irudi egingo dituzte. Tailer honetan nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute.

Arratsaldean DJ Beniz, Aigory, Sofia Gabanna eta Foyonek kon-tzertua egingo dute Izazpi auzoko kantxa estalian. 18.15ean hasiko da. DJ Beniz (Ander Garcia de Albeniz zumarragarra) 13 urterekin hasi zen rap musika entzuten. Ordutik, proiektu ezberdinetan parte hartu du.

Aigory Donostiako Altza auzokoa da. Bere bizipenak kantuen bidez azaltzen ditu. 2017an The neighborhood izeneko EPa atera zuen SNKT taldearekin eta Gudaris abestia oso ezaguna egin zen. Une horretatik aurrera, profesionalizatzen hasi zen.

19.00etan Sofia Gabannak joko du. Gabanna argentinarra da. Bartzelonan bizi da eta jarraitzaile asko ditu. Musikari ezberdin askoren eragina jaso du: Amy Winehouse, Alicia Keys, Whitney Houston, Violadores del Verso, Nach, Fito Paez, Calamaro... Bukatzeko, 20.00etan Foyoneren kontzertua hasiko da. Foyone Malagako rap kantari bat da.

Kontzertu honetara joan nahi dutenek, gonbidapenak eskuragarri dituzte dagoeneko. Zelaiarizti.sacatuentrada.es webgunean, hain zuzen ere. Zelai Arizti aretoko makinan ere eskura daitezke. Pertsona bakoitzak lau gonbidapen eskura ditzake, gehienez.

noticias de noticiasdegipuzkoa