Zumarraga | Udalak plazako zorua berrituko du datorren urtean

Gainera, Migel Lopez de Legazpiren estatua inguratzen duen hesia kenduko dute

26.09.2021 | 00:37
Zumarraga | Udalak plazako zorua berrituko du datorren urtean

zumarraga Zumarragako Udalak Euskadi plazako obraren lizitazioa onartu zuen astearteko osoko bilkuran. Obra hau Soraluze eta Legazpi kaleak eta Euskadi plaza oinezkoen-tzako bihurtzeko egitasmoaren barne egingo da. Aurrekontua 730.000 eurokoa da. Obra urte amaieran esleituko da eta urte amaieran edo datorren urte hasieran hasiko da.

Plaza 1990eko hamarkadan berritu zen azkenekoz. "Hareharrizko zola hondatu egin da. Berria granitozkoa izango da", aipatu zuen Mikel Serrano alkateak osoko bilkuran. Horretaz gain, Migel Lopez de Legazpiren estatua inguratzen duten hesia eta landareak kenduko dituzte. Hala, plazak zabaltasuna lortuko du.

Zumarragako Udalak Europako diru-laguntzak lortzea espero du. Izan ere, plazaren zaharberritzea herriaren erdialdea oinezkoentzako bihur-tzeko egitasmoaren barne sartzen da. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.

Plan Orokorra Osoko bilkuran Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren adjudikazioa ere onartu zuten. Maiatzean lehiaketa deialdia egin zen eta enpresa bakarra aurkeztu da. "Oinarriak oso zorrotzak ziren. Plan berriaren diseinuan alor ezberdinetako adituek parte hartzea nahi dugu. Plana Zumarraga Garatuz enpresak egingo du. 302.000 euroko aurrekontua aurkeztu du. Prozesuak hiru urte iraungo du eta zazpi fasetan egingo da, herritarren parte hartzearekin", azaldu zuen alkateak.

Osoko bilkuran kale garbiketa zerbitzuaren adjudikazioa ere onartu zuten. Datozen zortzi urteetan FCC Medio Ambiente eta Serbitzu Elkartea arduratuko dira kaleak garbitzeaz. Aurrekontua 721.000 eurokoa izango da, urteko. Alkateak zerbitzua hobetu egingo dela aipatu zuen. "Zazpi makina gehiago erabiliko dituzte. Horietako batzuk elektrikoak izango dira. Makina horiek zarata gutxiago egiten dute eta gutxiago kutsatzen dute. Horretaz gain, langileek formakuntza saioak jaso behar dituzte eta gaikako bilketa ahalbidetzen duten zaborrontziak jarri behar dituzte".

EH Bilduko Josu Aztiriak jarraipen mahai bat eratzea proposatu zuen. "Aurreko pleguetako baldintzak ez zituzten bete, ez garbiketaren maiztasunari dagokionez eta ezta langileen lan baldintzei dagokienez. Orain maiztasuna handituko dutela esan dute, baina horretarako langile gehiago kontratatu beharko lituzkete. Jarraipen mahai bat osatu beharko litzateke eta zerbitzuaren munizipalizazioa aztertu". PSE-EE eta EAJk alde bozkatu zuten, Elkarrekin Zumarragak abstentzioa eman zuen eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen.

Datozen zortzi urteetan FCC Medio Ambiente eta Serbitzu arduratuko dira Zumarragako kaleak garbitzeaz


noticias de noticiasdegipuzkoa