Zumarraga | Antioko Musikaldiko kontzertua, larunbatean

Sigma Project Quartet-en eta Mario Prisuelos pianistaren emanaldia 19.30ean hasiko da

08.09.2021 | 00:44

zumarraga – Larunbatean Antioko Musikaldiko bigarren kontzertua izango da. Sigma Project Quartet saxofoi laukoteak eta Mario Prisuelos pianistak Glass, Bernstein eta Gershwin-en obrak joko dituzte.

Sigma Project Quartet laukotea duela hamarkada bat sortu zen eta makina bat kontzertu egin ditu Europan eta Latinoamerikan. Gainera, bederatzi disko argitaratu ditu eta BBVA fundazioaren Leonardo beka jaso du. Prisuelosek ere kontzertu asko egin ditu mundu osoan zehar, Europa osoko jaialdi ospetsuetara gonbidatu dute eta disko ugari grabatu ditu.

Gonbidapenak Aurtengo musikaldiak bost kontzertu izango ditu. Lehen lauak Antioko baselizan izango dira, 19.30ean. Urriaren 2koa Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da, 18.30ean. Autobus zerbitzua egongo da. Kontzertuak baino 45 minutu lehenago abiatuko da, Correosetik. Sarrera doan izango da, baina gonbidapena eskuratu beharra dago. Horretarako, Zumarragako kultur etxera deitu behar da.

Lehen kontzertua joan zen astean izan zen. Tetraphilla Ensemble taldeak, Ander Telleriak eta Anna Margulesek San Inazioren bizitzan zehar ibilaldi musikala egin zuten. Irailaren 18an Musbika Ensemble taldeak Europako barrokoan barnako bidaia egingo du eta hilaren 25ean Pablo Sainz-Villegas gitarristak Granados, Tarrega eta Albenizen obrak joko ditu. Bukatzeko, urriaren 2an Euskal Barrokensemble taldeak Ezkioko Igartubeiti baserrian joko du.

noticias de noticiasdegipuzkoa