Urretxu eta Zumarragako udalek Badihardugu Euskara Elkartearen konpromisoa jasotzen duen hitzarmenari onespena eman diote eta bi herrietako hizkera eta ahozko ondarea jasoko dute eta euskalkiaren inguruko materiala bilduko dute. Horretaz gain, Estatuko herri ezberdinetatik etorritakoei elkarrizketak egingo zaizkie eta horiekin dokumental bat egingo da.

Urretxuko Udalak orain hamar urte ekin zion euskalkien inguruko lanari, Ahotsak proiektuarekin. Ekimen hartan herriko adineko pertsonen kontakizunak bildu ziren formatu ezberdinetan, idatziz zein ahozkoan, urretxuarren eta Urretxura etorritako euskaldunen hitz egiteko era eta hiztegi propioa artxiboan eta behar den moduan gordeta gera zedin, ondorengo belaunaldientzat.

Hala, 475 pasarte jaso ziren, 388 bideoan eta gainontzeko 22ak transkribatuta. Guztira 44 hizlarik parte hartu zuten eta guztiak ahotsak.eus webgunean daude eskuragarri, edonorentzat.

Orain, bildutako bideo horien guztien lanketa eta zabalkundea egin ostean, urrats bat gehiago emateko unea heldu da. Euskaldun zaharren informazioa ondo artxibatuta, euskaldun berrien txanda da: 1950eko hamarkada eta 1970eko hamarkada bitartean Estatuko herri desberdinetatik lanera etorritako etorkinak elkarrizketatuko dira, batetik, eta 2000. urtetik gaur egun arte etorritakoak bestetik. ?Eurak izango dira proiektu berri honen protagonistak: Estatutik zein nazioartetik etorri diren eta euskaraz ikasi duten horiek, edo euren seme-alabei euskara ikasteko beharra eta grina transmititu dieten urretxuar eta zumarragarrak.

Horretarako, aipatutako familiei elkarrizketak egingo zaizkie. Testigantza horiek grabatu egingo dira eta grabazio horiekin guztiekin dagokion lanketa egingo da: kodifikazioa, katalogazioa... Gero, pasarte interesgarrienekin bideo bat egingo da eta webgunean partekatu. Halaber, bi dokumental labur osatuko dira: bat 1950eko hamarkada eta 1970eko hamarkada bitartean Estatutik etorritako etorkinen testigantzekin eta bestea 2000-2020 urte bitartean iritsitakoenekin.

Proiektuaren amaieran, 2022ko udazkenean, aurkezpen bat egingo da bideoekin eta dokumentalekin.

Elkarrizketak Badihardugu elkarteak egingo ditu eta bideo eta dokumentalen aurkezpena 2022ko udazkenean izango da