- Uztailaren 30era arte zabalik egongo da Urretxun Bizi Gara harrera eskolako matrikula epea. Urretxuko eta Urola Garaiko gizartea, historia eta baliabideak ezagutu nahi dituzten etorkinei zuzendua dago.

Saioak irailaren 10etik azaroaren 12ra bitartean izango dira, astearte eta ostiraletan, 9.30etik 12.00etara kultur etxean. Parte- hartzaileek 40 eskola ordu jasoko dituzte, doan. Hitzaldi, txango, bisita eta tailerrak egongo dira.

Harrera eskola honetan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da. Matrikula doakoa da eta Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegora deituz egin daiteke: 943 038 083.