Plastikoaren arazoa mundiala da eta ekimen asko sortu dira hainbat lekutan. Horregatik, poltsa berrerabilgarrien sustapena bilatzen duten kanpainak sustatu dira. Urola Garaian ere erabilera bakarreko poltsak saihesteko eta berrerabili daitezkeenak erabiltzeko sentsibilizazio kanpaina egin dute. Kanpaina hau Uggasa garapen agentziak eta Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dute.

Hiru udalerrietako 17 dendak parte hartu dute eta 8.160 poltsa berrerabilgarri banatu dituzte. Helburua, batez ere fruta eta barazkiak erosterakoan, erabilera bakarreko poltsen erabilera alde batera uztea izan da. Hiru herrietako erosleek modu jasangarrian erosi duten bakoi-tzean, txartel batean zigilua jarri diete eta zozketa batean parte hartu dute.

Kanpaina honetan parte hartu duten Legazpiko Mari Carmen eta Sustrai fruta-dendetan eta Eroskin, Eroski City-n eta BM supermerkatuetan 673 txartel jaso dira; Urretxuko Aixan, Cruzen, Eroskin eta BMn 248 eta Zumarragako Ametsan, Atlasen, Josunen, Sefen, Azan eta Martinezen 313. Guztira, 1.234 txartel jaso dira. Zozketan parte hartu duten 1.234 bizilagunetatik, %82 emakumezkoak izan dira eta %18 gizonezkoak.

Zozketan sarituak Juli Bidegain urretxuarra, Milagros Etxeberria legazpiarra eta Begoña Zabalo zumarragarra izan dira. Bakoitzak Bertatik Bertara egitasmoko produktuz betetako kaxa bat jaso du opari.

Sari banaketa ekitaldia ostiral eguerdian izan zen, Uggasa garapen agentziaren Sortzen eraikinean. Sariak hiru herrietako beste horrenbeste zinegotzik banatu zituzten. Etxeberriari Maite Lonbide Legazpiko zinegotziak eman zion saria, Zabalori Marimar Iglesias Zumarragako zinegotziak eta Bidegaini Igor Zubillaga Urretxuko zinego-tziak.