- 86 urteren ondoren, pasiotarrek herria utzi dute eta beraien eraikinak Udalaren eskuetara pasa dira. Eliza ekitaldiak egiteko erabili behar da eta gainontzeko eraikinetan adinekoentzako apartamentu tutelatuak eta Aspaceren eguneko zentro berria egin behar dira.

Urretxuko Udalak azkeneko osoko bilkuran eliza lau urtetan ordain-tzea onartu zuen, 500.000 euroan. Ordainketa aurten hasiko du eta 2024an amaitu.

Pasiotarrak 1935ean heldu ziren Urretxura, Gabiriatik. Han etxe bat zuten, bainuetxea egon zen tokian, baina toki handiagoa behar zuten. Hala, Irunen eta Urretxun ere etxeak ireki zituzten.

Hasieran pabilioi zabal bat egin zuten. Eraikin hori erretirorako zen. Handik urte batzuetara Urretxuko etxea ikasleentzat egokia zela konturatu ziren eta teologia ikastetxea egin zuten. Horrekin batera, eliza eraiki zuten. Lanak 1950ean hasi ziren. 1951n teologia eskolak ematen hasi ziren eta 1953an Lourdesko Amaren eliza inauguratu zuten.

Urretxuko etxean 70 bat lagun bizi izan ziren:? 20 fraide eta 50 ikasle. Beraien ikasketak Urretxun egin zituzten fraide asko misioetara joan ziren. Apaiztegia 1968an itxi zuten. Hemengo ikasleak Deustura joan ziren eta Urretxuko etxea hustu egin zen.

Eraikinetako batzuk ikastolak hartu zituen. Izan ere, Pasiotarrek ikastolaren sorreran lagundu zuten. Pasiotar ia guztiak euskaldunak ziren eta euskara maite zuten. Beraien etxean giro euskalduna zegoen eta bertako ikasleek euskara ikasteko eta alfabetatzeko aukera zuten. Herritarrei ere alfabetatze eskolak ematen zizkieten eta euskarazko kultur ekimenei babesa ematen zieten.

Ekimen hauetako asko Nekaldiaren Kofradiaren eskutik atera ziren aurrera. Kofradia hau inguruko herrietako bizilagunek osatzen zuten eta 500 lagun inguru izatera heldu zen. Fraideen eta kofradiaren babesean, solfeo, txistu eta dantza eskolak eman ziren eta gau eskola eta antzerki taldea sortu ziren.

Pasiotarren ekarpena handia izan da eta igandean asko izan ziren eskerrak ematera hurbildu ziren urretxuarrak. Udalak berak pasiotarrei eskerrak eman dizkie sare sozialetan, euskararen, kulturaren eta herriaren alde egindako lan guztiagatik.

Lourdesko Amaren eliza Urretxuko Udalaren eskuetara pasa da eta ekimen sozial eta kulturaletarako erabiliko du