- Datorren uztailaren 14an, Euskal Herria plazan, Lekanazpi elkarteak kontzertu akustikoak eta terraza erraldoia egin nahi ditu. Hala ere, alkateak ez die plaza erabiltzeko baimenik eman eta Azoka gunea erabiltzea proposatu die.

Lekanazpikoak ez daude konforme. "Alkateak bide publikoa eta bertako gune desberdinak Udalak antolatutako ekitaldietarako edo Udalak antolatzen laguntzen duen ekitaldietarako gorde behar direla esan du. Datozen egunetan alkatearekin biltzeko hitzordua eskatuko dugu eta alkatearen jarrera aldatu ezean, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko dugu".

Hainbat arrazoi azaldu dituzte alkatearen erabakia ez onartzeko. "Ez dugu onartzen alkatearen debekua, ikusle kopurua 120 pertsonetara mugatzen duelako. Iazko Lekanazpiko akustikoan 290 pertsona elkartu ginen. Bestalde, uztailaren 14an ez dago ekitaldirik iragarrita herriko plazan. Gainera, Azoka guneak ez dituelako betetzen kontzertuak behar dituen akustika baldintza egokiak".

Iazko kontzertu akustikoa arrakastatsua izan zen eta aurten bigarren edizioa antolatzea erabaki dute, Gainera, terraza erraldoia egokitu nahi dute. "Hainbat gaztek Udalari maia-tzeko jaietan terraza erraldoia antolatzeko proposamena luzatu zioten. Udalak ez zuen gazte horien eskaria aintzat hartu. Lekanazpiri gazteek proposatutako ideia asko gustatu zitzaion eta proposamena lantzen hasi ginen. Arrazoi desberdinengatik, Haztegi ikastolako patioan terraza antolatzea ez dugu bideragarria ikusten. Gauzak horrela, kontzertua tokiz aldatzea eta herriko plazan egitea pentsatu dugu". Terraza plazaren inguruan koka-tzen diren bost tabernekin antolatuko dute: Oilarra, Katilu, Urbeltz, Xarpot eta Hogei.