Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia herritar guztien ongizatearen alde lan egiten ari da eta, oraingoan, deskonexio sozialaren aurkako paseoak antolatu ditu.

Elkarbide izeneko paseoak ekainaren 1ean jarriko da martxan. Asteartero 15.00etan Areizaga-Kalebarren plazan elkartuko dira ibiltzeko eta lagun berriak egiteko. Paseoek ordu beteko iraupena izango dute.

Egitasmo honen helburua kolektibo ezberdinek elkar ezagutzea eta bakardadeari aurre egitea da. "Covid-19aren epidemiak isolamendu eta nahigabeko bakardade egoerak areagotu dituela nabaritu dugu, baita kolektiboen arteko hermetismoa ere", adierazi du Monica Leiva Mahaiko dinamizatzaileak.

Paseoak seguruak izango dira. "Zoritxarrez, kohesio soziala eta gure osasun mentala eragina jasaten ari dira. Izan ere, azken urtean topagune asko galdu ditugu, eta beldurrak eta ziurgabetasunak isolatzera garama-tza. Horregatik, garrantzitsutzat jo dugu aire zabalean sozializatzeko aukera berri bat diseinatzea eta martxan jartzea, segurtasun-araudi guztiak beteko dituena eta, aldi berean, etxetik irtetea eta ustekabeko topaketak bultzatuko dituena".

Dinamika erraza da: parte-hartzaileak eta dinamizatzaileak topagunean bildu ondoren, bikoteka edo hirunaka elkartuko dira paseoa hasi aurretik. Baldintza bakarra egun horretako ibilbidea aurrez ezagutzen ez duten norbaitekin partekatzea da. "Itsu-itsuan egindako hitzordu moduko bat da, aisialdirako aukera segurua, pertsona berriak ezagutzeko, elkar entzuteko eta astean ordubete partekatzeko. Ibilbideak gure herritarren aniztasun fisikoa eta funtzionala kontuan hartuta pentsatu dira".

Jarduera doakoa da. Parte hartzeko, hobe da aldez aurretik tokia erreserbatzea. Horretarako, 943 038 083 zenbakira deitu behar da edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi. Areizaga-Kalebarren plazan ere izena eman ahal izango da, jarduera hasi aurretik.