- Zumarragako Udalak kale garbiketa zerbitzuaren pleguak onartu zituen azkeneko Osoko Bilkuran. Kontratu berriak zortzi urteko iraupena izango du eta lehiaketa irabazten duen enpresak 5.771.215 euro jasoko ditu epe horretan Zumarragako kaleak garbitzearen truke.

Mikel Serrano alkateak hamar langileren lan baldintzak hobetuko direla eta urtero 200.000 euro gehiago gastatuko direla aipatu zuen. PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak alde bozkatu zuten eta EH Bilduk aurka.

EH Bilduk prentsa ohar bat helarazi du. Garbiketa zerbitzuaren inguruko lanketa egin dute sindikatu, langile eta adituekin eta lanketa horretatik ondorio bat atera dute: 2013tik garbiketa kudeatzen duen FCC-Serbitzuk ez dituela kontratuko baldintzak bete eta Udalak beste alde batera begiratu duela. "Ez dira kontratuan jasotzen ziren garbiketa plangintzak zein langileekiko betebeharrak bete".

Kale garbiketan gutxi inbertitzen dela gehitu dute. "2020ko aurrekontuaren likidazioa aztertuta, garbiketaren gaiari ez zaiola lehentasunik ematen berresten da. Are larriagoa, gainera, pandemia garaian geundela kontuan izanik eta higieneak duen berebiziko garrantziarekin. Kale garbiketan aurrekontuan aurreikusi baino 16.667 euro gutxiago gastatu ziren eta garbiketan 83.834 euro gutxiago. Zumarragako Udalak Gipuzkoako batezbestetik behera gastatu du".

Plegu berriek aldaketa nabarmenik ez dutela jasotzen gehitu dute. "Ez dute garbiketa zerbitzua bermatzen. Zerbitzua azpikontratatzeak zortzi urterako lotura dakar eta 2013tik hona jasotako emaitza ikusita, kudeaketa publikoa gauzatzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu", azaldu dute. Hori guztia dela eta, inbertsioa handitzea eta horrekin baliabideak gehi-tzea, zerbitzuaren jarraipenerako ba-tzorde tekniko-politikoa eratzea eta zerbitzua munizipalizatzeko prozesua abiaraztea proposatu dute.