- Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumarragako Udalak bultzatutako energia komunitatean parte hartzera animatu dituzte herritarrak. "Zumarragako Udala eta Petronor energia berriztagarriak bultzatzeko energia komunitatea sortzeko urratsak ematen ari dira. Herritarrek aukera dute informazioa lehen eskutik jasotzeko eta animatu nahi ditugu bertan izena ematera: lehen fasea informatiboa da, ez du konpromisorik eskatzen eta proiektuaren norabideaz gehiago jakin ahal izango da".

Dena den, EH Bildu beste eredu ba-tzuk ere aztertzen ari da. "Azpeitian, Itsasondon, Hernanin, Debagoienan eta publiko egin ez duten hainbat tokitan herritarrekin batera ari dira energia komunitateak eraikitzen. Beraz, beste hainbat herritan zertan dabiltzan ere badakigu eta beraien ereduak aztertzen ari gara".

Energia komunitatean bertako erakundeek eta enpresek ere parte har-tzea nahi dute. "UGLE lanbide eskolaren, Uggasa garapen agentziaren eta eskualdeko enpresen parte-hartzea bermatzea nahi dugu. UGLEk urteak daramatza energia berriztagarriekin lanean eta profesional bikainak ditu bertan. Ekarpen garrantzitsua egingo lukete. Uggasa eta Mankomunitatea Urola Garaiko Energia Plana bultzatzen ari dira, baina ez zuten proiektuaren berri. Horrelako proiektuetan garrantzitsua da tokian tokiko eragileekin eta enpresekin lan egitea, ezagutza bertan geratzen delako eta bertako enpresa ehuna eta enplegua bultzatzen delako".

Herritarrek proiektuaren gaineko gidaritza eta kontrola izatea ere aldarrikatu dute. "Gure ustez, proiektuaren gaineko kontrola eta gidaritza herritarra bermatuko duen egitura juridikoa hautatu behar da. Izan daiteke irabazi asmorik gabeko kooperatiba edo beste eredu bat, baina herritarren ahalduntzea eta parte hartzea bermatu beharko litzateke, irabaziak komunitatean inbertitzeko eta tokiko garapena bultzatzeko".

Egitasmoa energia berriztagarrien alorreko enpresa gehiagori zabalik egotea ere funtsezkoa dela uste dute. "Udala Petronorrekin hasi da lanean, baina merkaturatze eta energia sorkuntza faseak beste energia eragileen sarrerari irekia izan beharko luke. Badaude alor honetan lanean dabiltzan enpresak eta kooperatibak gure eskualdean".