- Korrika, Herri Urrats edo Durangoko azoka bezalako ekitaldiak pandemiaren erruz bertan behera gelditu direnak apaltzeko, Iparra Hegoa elkarteak abian jarri duen Kutxa Bira ekimena asteburu honetan iritsiko da Urola Garaira. Euskaldun guztiak batzea helburu duen egitasmo bat antolatu dute: kutxa bat Euskal Herria eta diaspora zeharkatzen ari da.

Kutxa hori asteburu honetan iritsiko da Urola Garaira. Bihar Urretxura helduko da. Zeraindarrek ekarriko dute, 18.00etan. Urretxuar eta zumarragarrek ongi etorri animatua egingo diete zeraindarrei eta kutxari, KKinzona irratiaren egoitzaren kanpoaldean (Urretxuko Barrenkalen).

Ondoren, Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteko kideekin irratsaioa egingo dute eta, bitartean, grafitiak margotuko dituzte irratiaren egoitzaren kanpoaldean. 19.00etan Amets Arzallus bertsolariak idatzitako testua irakurriko dute. Bukatzeko, kutxa Antzuolara eramango dute.

Igandean, kutxa Legazpira helduko da. Legazpiarrek an-tzuolarrengandik jasoko dute, 16.00etan, Ardanbidetako mugarrian. Elkartez elkarte, Agirre-Etxeberri etxeraino eramango dute. Han, 17.30ean, ekitaldia egingo dute.

Gainontzeko herri guztietan bezala, legazpiarrek ere Amets Arzallus bertsolariaren testua irakurriko dute. Irakurleak Mariaje Galartza eta Anuntxi Andueza izango dira. Alfabetatzean eta euskalduntzean hamarkada luzetan zehar Legazpin egin duten lana aitortu nahi zaie horrela.

Ondoren, belaunaldi gazteen ordezkariek herri bakoitzak sortu beharreko idatzia irakurriko dute. Legazpiarren idatzia Nekane Gonzalezek sortu du. Legazpin Kutxa Biraren inguruan antolatutako ekitaldia herriko musikarien emanaldiarekin amaituko da. Hurrengo egunean Legazpik Aretxabaletari entregatuko dio kutxa.