Aurtengo maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna ez ezik, musikaren eguna ere izango da Urretxu eta Zumarragan. Aipatutako egun horretan Poligrafo Fest musika jaialdiaren seigarren edizioa egingo dute Urretxuko Labeaga aretoan. John Dealer&The Coconuts legazpiarrek, Urretxu eta Zumarragako Northagirres-ek, Soma Cult beasaindarrek eta Joseba B. Lenoir Gang-ek joko dute.

Jaialdia egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiekin egingo da. Aretoan ezingo da erre, ezta edari edo janaririk sartu.

Eguerdian talde batek joko du eta arratsaldean beste hiruek: 13.00 John Dealer & The Coconuts taldeak joko du, 16.30ean Soma Cult-ek, 18.00etan Northagirresek eta 19.30ean Joseba B. Lenoir Gang-ek.

Sarrerak entradium.com webgunean erosi behar dira. Jaialdi hau Urretxu eta Zumarragako udalek, Motz tabernak, Bizar & Bomber ekoiztetxeak eta Zarraparra kolektiboak antolatu dute.

John Dealer & The Coconuts talde legazpiarra 2015. urtean sortu zen. Dagoeneko hiru disko argitaratu dituzte. Taldeak rock and rolla eta punk rocka egiten ditu. Gehienbat ingelesez abesten dute, baina azkenengo diskorako euskarazko kanta batzuk ere idatzi dituzte.

Beasaingo Soma Cult taldeari dagokionez, grunge eta psikodelia estiloak lantzen ditu. Urtarrilean Destroy! diskoa argitaratu zuten.

Northagirres taldea 2014. urtean sortu zen. Rock and roll klasikoa egiten dute, ingelesez eta gazteleraz. Azkeneko diskoa, Cavaré izenekoa, iazko martxoan argitaratu zuten. Berehala alarma egoera ezarri zenez, oraindik ezin izan dute herrian aurkeztu. Maiatzaren 1ean aurkeztuko dute.

Bukatzeko, Joseba Baleztena gitarra-jotzaile beratarrak talde askorekin jo du: Sexty Sexers, Izaki Gardenak, Señor No, Rafael Berrio, Mice... Bakarlari bezala, Joseba B. Lenoir izenarekin aritzen da. Bere kantak Joseba B. Lenoir Gang taldearekin jotzen ditu.