Autismoa dutenei eta adinekoei laguntzeko Zumarragako Udalak piktogramak margotu ditu herriko hainbat zebrabidetan . Gautenaren egitasmo honek Udalaren, Nagusilanen eta herriko ikastetxeen babesa du. Gautena autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen senideen elkartea da.

Piktogramak komunikazio tresna gisa erabili ohi dira. Beraien bidez zerbait zehatza eta abstraktua irudikatu ahal izaten da, pertsonari kontzeptu konplexuagoak ulertzen laguntzeko.

Egitasmo hau atzo aurkeztu zuten, Gautenak Zumarragako Nafarroa plazan duen lokalaren ondoan. Gautenako, Nagusilaneko eta ikastetxeetako ordezkariek eta Mikel Serrano alkateak piktogramak margotu zituzten lokalaren ondoko zebrabidean.

Alkateak eraikin publikoetatik eta ikastetxeetatik gertu dauden zebrabideetan margotuko diren piktogramei esker autismoaren espektroko nahastea duten pertsonek eta arazo kognitiboak dituzten adinekoak lasaiago eta seguruago ibiltzeko aukera edukiko dutela esan zuen. Zebrabideak margotzeaz gain, udaltzainek eta ikastetxeetako haurrek gaiarekin lotutako formazioa jasoko dute, adinekoei eta autismoa dutenei lagundu ahal diezaieten. Gainera, ikastetxeetan autismoari buruzko unitate didaktiko bat landu dute.

Udalaren eta Gautenaren arteko elkarlana aspalditik dator. 2013an Udalak Nafarroa plazako lokal bat utzi zion Gautenari, 30 urterako. Bertan, autismoa duten haurrei harrera egiten diete eta lagundu egiten diete. Bestalde, 2015ean Udalak Ferrer Ferran konpositoreari autismoari erreferentzia egiten dion obra bat eskatu zion.

Gautenako Jimmy Brosak eskerrak eman zizkien Udalari, ikastetxeei eta Nagusilani eta honek guztiak herritarrek autismoa hobeto ezagutzeko balioko duela esan zuen. Ikastetxeetako ordezkariek eskerrak eman zizkieten egitasmoa aurrera atera dutenei eta oso gustura parte hartu dutela esan zuten.