- Covid-19a dela eta Legazpiko Latxartegi aretoan izango da aurten bertsolari gazteen Aztiri Bat saria . Bertso saioa, Osinalde sarirako baliagarria, hilaren 19an egingo dute. 17.00etan hasiko da.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sei bertsolari gaztek parte hartuko dute Legazpiko saioan: Danel Olano (Getaria), Asier Alcedo (Portugalete), Lurdes Ondaro (Munitibar), Aroa Arrizubieta (Gasteiz), Aissa Intxausti (Lekeitio) eta Garazi Navarro (Amoroto). Bi onenak Gabirian jokatuko den finalera sailkatuko dira.

Legazpikoa Osinalde sariketako lehen kanporaketa izango da. Osinalde sariketa 1971tik Gabirian jokatzen den bertsolari gazteen txapelketa da. Euskal Herriko txapelketa garran-tzitsuenetako bat da.

Azkeneko urteetan, Gabiriako saioaz gain, hiru kanporaketa egin dira Aztiria auzoko Aztiri Bat elkartean, Ordiziako Argiberri elkartean eta Zaldibiako Osinberde elkartean.

Orain arte, kanporaketa horiek afari-giroan egin izan dira. Iaz txapelketa bertan behera geratu zen eta aurten kanporaketak eta Gabiriako finala aretoetara pasatzea erabaki dute. Legazpiko kanporaketarako sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 16.30ean hain zuzen ere.

Beste bi kanporaketak, Zaldibiako Herri Antzokian eta Ordiziako Herri Antzokian jokatuko dira. Zaldibiako saioa martxoaren 20an izango da, 17.00etan, eta Ordiziakoa martxoaren 21ean, 12.00etan. Finala martxoaren 27an izango da, Gabirian.