Emakumea: baserrian eta herri kirolean ekitaldiaEmakumea: baserrian eta herri kirolean egin zuen atzo Zumarragako Zelai Arizti aretoan Urretxu-Zumarraga herri kirol elkarteak Martxoaren 8a dela eta. Baserrian lan egindako eta herri kiroletan aritutako emakumeekin grabatutako bideoa eman zuten ekitaldian. Ondoren, bideoan parte hartu duten emakumeak omendu zituzten.

Bideoan adin guztietako emakumeak ageri dira: Miren Urkiola belarra biltzen, Arantxa Alberdi belarra mozten, Elorri Zaldua aizkorarekin, Marianjeles Goitia Elorriri irakasten, Maria Aranberri bere harrijasotzaile garaiaz hitz egiten, Naia Zubillaga harria jasotzen, Kristina Sasieta esne banatzaile lanaz hitz egiten, bere biloba Maialen txingekin, Geneva Perea marmitekin, Larraitz Aranberri eta Idoia Ormazabal idiekin eta Andone Antia eta Maixabel Aranberri harriari tiraka.

Emakume hauetako gehienek baserrian gogor lan egin dute eta batzuk herri kirol munduan aitzindariak izan dira: Goitia aizkolariak Euskadiko Sei Orduetan parte hartu zuen, Maria Aranberrik 100 kiloko harria bizkarreratu zuen 14 urte zituenean, Ormazabal itzain lanetan aritzen den emakume bakarretakoa da, Maixabel Aranberri eta Antia giza proba taldeko kideak izan ziren...

Izaskun Arruti aurkezleak guztiek egindako lana goraipatu zuen. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu emakume baserritarren aipamena egitea eta beraiek goraipatzea. Emakume baserritarra da etxeko ardatza eta euskarria, beti gogor lan egin duena eta egiten duena: etxeko pertsona eta animaliei jana emanez, etxea garbitzen, haurrak hezitzen, zainketa lanetan... Ixilpean. Kexatu gabe eta merezi duen errekonozimendurik gabe. Eta emakume herri kirolariei buruz zer esan? Zeinen indartsuak eta ausartak zareten. Beti gizonezko mundu bezala ezagutu diren plazetan sartu eta zenbat aho ixilarazi dituzuen. Gure iraganeko emakumeen eskuekin eraikitako bidean tiraka jarraitzen duzuelako, gure esker on beroenak”.

Bukatzeko, Maite Perurena Zubiturrek idatzitako hitz batzuk irakurri zituen: “Pausoz pauso, kiloz kilo, kolpez kolpe, tiraldiz tiraldi, plazaz plaza... jatorrian bezala, jarrai dezagun lanean”.