- Irailaren 27a baino lehen Euskaraldian izena ematera dei egin die Urretxuko udalak herriko denda, elkarte, enpresa eta klubei.

Dagoeneko hamaika entitatek izena eman dute aurtengo edizioan, baina oraindik asko gelditzen dira izena eman gabe.

Antolaketa sistema aurreko ediziokoaren oso antzekoa izan da. Talde motorra 2019ko urrian hasi zen lanean. Hamar laguneko talde hau da antolaketa eta kudeaketa lanak egiten dituena. Talde handiago bat ere bada: Urretxu eta Zumarragako herritarrek osatzen duten herri ba-tzarra. Hiru aldiz biltzeko aukera izan du. Talde hau da mezua herrian zabaltzen duena, bi herriotako euskara teknikariek dinamizatuta.

Horrez gain, Elhuyar enpresako bi teknikari Urola Garaiko enpresetan informazioa zabaltzen eta Euskaraldirako izen-ematea sustatzen ari dira. Azkenik parte-hartzaileak daude, benetako protagonistak. Aurten bi multzotan sailkatuko dira: entitateak batetik (elkarteak, enpresak, kirol taldeak, dendak, tabernak€) eta norbanakoak bestetik.

Entitateek irailaren 27a baino lehen eman behar dute izena Euskaraldiaren webgunean.

Entitate bezala izena emateko, nahikoa da elkarte, klub, talde, denda edo tabernako partaide guztiek euskaraz ulertzea. Izan ere, uler-tzen duenak parean duenari euskaraz jarraitzen utz diezaioke.

Izena emateko orduan, harremanetarako kontaktu bat eskatzen da eta zenbat arigune dauden galdetu. Kanpo arigunea herritarrei begira dago (adibidez, dendariak bezeroekin) eta barne arigunea barrura begira (dendako langileen artean). Nahikoa da arigune bat edukitzea izena emateko. Zalantzaren bat argitu nahi dutenek, 943 038 088 zenbakira deitu dezakete edo euskera.ur@urretxu.eus helbidera idatzi.

Urretxun Arreta Asistencialek, Etxarre inmobiliariak, Euskaltelek, Goierri saskibaloi taldeak, Laboral Kutxak, Lizarriturri txistulari taldeak, Lurra dantza taldeak, Titare mertzeriak, Urrats podologia zentroak, udal euskaltegiak, bertso eskolak, Udalak eta Zintzo-Mintzok eman dute izena dagoeneko.