- Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak eta Zumarragako Udalak hitzarmen bat sinatu dute Euskaraldia sustatzeko. Akordio horren baitan, Nerea Gabirondo kontratatu dute. Gabirondo Euskaraldia dinamizatzeaz arduratuko da.

Akordioa atzo aurkeztu zuten Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Zintzo-Mintzoko Sebas Iturriotzek eta Gabirondok parte hartu zuten. Hirurek herriko entitateei Euskaraldian parte hartzeko gonbita luzatu zieten.

Hitzarmenaren helburua ahalik eta entitate gehienek Euskaraldian parte hartzea da, hain zuzen ere. Zumarragako Udalak izena eman du dagoeneko. "10 arigune identifikatu ditugu, zeinak bermatuko duten Euskaraldiko 15 egunetan (eta urteko gainontzekoetan) euskaraz hurbiltzen den herritarrak ez duela bere hizkuntza aldatu beharrik izango. 10 ariguneak herritarren harrera, udaltzaingoa, zerga bilketa, gizarte zerbitzuak, kultur etxea, kiroldegia, hirigintza, alkatetza, idazkaritza eta kontu hartzailetza dira".

Euskaraldian parte hartzeaz gain, Udalak harremana euskaraz izan nahi duten herritarrekin tramitazio guztia euskaraz egiteko lan egiten ari da. Aurki betetze maila ezagutuko du eta hobetu beharrekoa hobetuko du. Gainera, Udalak herritarrak harremanak euskaraz izatera animatu ditu.

Iturriotzek Zintzo-Mintzo 1990eko hamarkada hasieran sortu zela eta ia 30 urte hauetan abian jarritako ekimen gehienak Zumarragako eta Urretxuko udalen laguntzarekin jarri dituela gogoratu zuen. Duela bi urte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko balio zezakeela iruditu zitzaien eta langile bat hartu zuten: Manex Mantxola. Zumarraga eta Urretxuko udalek eta hainbat elkarte eta norbanakok ere ekimenarekin bat egin zuten.

Bi herrietan 16 urtetik gorako 2.416 lagunek eman zuten izena (parte hartze portzentaje oso altua): 1.561 ahobizi (%64,6) eta 855 belarriprest (%35,4). Zintzo-Mintzok kale neurketa egin zuen eta Euskaraldiko astean hiru elkarrizketatik bat euskaraz izan zen: azken 17 urteetan neurtutakoa baino hamar puntu handiagoa. Euskaraldiaren hurrengo astean, kaleko elkarrizketen %29,5 euskaraz izan zen. "Beraz, ondorioztatu genuen euskararen erabileran eragiten duen ariketa baten aurrean gaudela".

Hala, aurten ere Zintzo-Mintzok Euskaraldia sustatzea erabaki du. Horretarako, esan bezala, Zumarragako Udalarekin hitzarmena sinatu eta Nerea Gabirondo kontratatu dute.

Gabirondo lanean hasi da dagoeneko. "Hurrengo bi asteak garrantzi-tsuak dira, Euskaraldian denda edo kultur elkarte modura izena emateko aukera egongo delako. Gure asmoa ahalik eta establezimendu gehienengana iristea da, proposamena azaltzeko. Zer behar da entitate bezala izena emateko? Ba elkarte, klub, talde, denda edo tabernako partaide guztiek euskaraz ulertzea. Azpimarratu nahi nuke ulertzea nahikoa dela, zeren ulertzen duenak parean duenari euskaraz jarraitzen utz diezaioke".

Euskaraldiko webgunean eman behar da izena. Harremanetarako kontaktu bat eskatzen da eta zenbat arigune dauden galdetu. Kanpo arigunea herritarrei begira dago (adibidez, dendariak bezeroekin) eta barne arigunea barrura begira (dendako langileen artean). Nahikoa da arigune bat edukitzea izena emateko.

Agirre harategiak, Caixabank bankuak, Iraeta tabako-dendak, Irrintzi dantza taldeak, Javier Arratibel optikak, Laboral Kutxak, Lorea drogeriak, Otaegi harategiak, Plazaola iturgin-tzak, Urki liburu-dendak, Artzuaga altzari-dendak, Maite kafetegiak eta Zumarragako Udalak dagoeneko izena eman dute. Izena emateko epea hilaren 27an itxiko dute. Informazio gehiago nahi dutenak Gabirondorekin jar daitezke harremanetan.

Gabirondo elkarteetako kideekin, tabernariekin eta dendariekin harremanetan jarriko da eta parte hartzera gonbidatuko ditu