- Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunei zuzendutako Urretxun Bizi Gara ikastaroa eskainiko du datorren ikasturtean ere Urretxuko Udalak. Egitasmo honen helburua kanpotik etorritakoek Urretxu eta Euskal Herria hobeto ezagutzea eta kulturen arteko topaketa bultzatzea da.

Izena emateko epea zabalik da jada. Hilaren 31n itxiko da. Egitasmoa Urretxuko eta Urola Garaiko gizartearen, historiaren, aukeren eta baliabideen inguruko ezagutza handiagoa izan nahi dutenei zuzendua dago. Izena emateko Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da. Telefono zenbakia 943 038 083 da.

Urretxun Bizi Gara ekimenaren zazpigarren edizio honetako saioak astearte eta ostiraletan izango dira: 9.30etik 12.00etara, kultur etxean. Irailaren 11n hasiko dira eta azaroaren 10ean bukatu. 40 eskola ordu jasoko dituzte, doan. Hitzaldi, txango, bisita eta tailerretan parte hartuko dute. Aurrekoetan bezala, teknikariekin, eragileekin eta herriko erakundeetako ordezkariekin elkartuko dira eta historiari, gizarteari, kulturari, enpleguari, etxebizitzari, hezkun-tzari, hizkuntzari, osasunari... buruz hitz egingo dute.

Gainera, nahi duten parte-hartzaile guztiek lau asteko egonaldia egin ahal izango dute herriko kultur elkarte batean. Egonaldi honen helburua elkar ezagutza sustatzea eta harrera nahiz egokitzapen prozesua erraztea da.

Urretxun Bizi Gara harrera eskola 2014an jarri zen abian eta ordutik 80 bizilagun baino gehiagok amaitu dute ikastaroa. Aurten, eskolak COVID-19aren prebentzio protokoloetara egokituko du bere talde dinamika, baina aurreko edizioetako edukiak bere osotasunean mantenduko dira.