- Zumarragoko Udalak, jai jarduera guztiek pertsonak biltzea dakartela ikusirik, Santa Isabel festak bertan behera uztea erabaki du. Hala ere, tradizioan eta kulturan oinarrituta, Udalak, elizak, txistulariek eta dantzariek meza eta eliza barruko ezpata dantza egitea erabaki dute.

Ekitaldia 11.00etan izango da eta ez da prozesiorik eta ohorezko aurreskurik egongo. Zozketa bidez gonbidapena lortu duten zumarragarrak bakarrik sartu ahal izango dira ermitara. Maskara eraman beharko dute eta sarreran eskuak gelarekin garbitu beharko dituzte. Autobus zerbitzua edukiko dute. Ekitaldia Urola Telebistan eta zelaiarizti.eus webgunean zuzenean emango dute.

Mezaren ostean, 12.45ean, ezpata dantza egingo da plazan. Udalak ez du bestelako ekintzarik sustatuko, ezta lagunduko ere. Hori dela eta, ez da Antio inguruko udal-mahaiak erreserbatzeko aukerarik izan. Era berean, herritarrek erantzukizunez joka dezatela eskatzen da, pertsonen kontzentrazioa eta ezarritako segurtasun neurriak ez betetzea saihestuz.

Plazako ezpata dantzari dagokionez, plazak mugatuak izango dira eta aulkiak jarriko dira. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Ezin izango da esparrutik irten arrazoi justifikaturik gabe.

Udalak gainontzeko festa guztiak ere bertan behera utzi ditu: San Joan gauean ez zen surik piztu eta uztaileko San Kristobal auzoko jaia eta iraileko Belokiko gurutzearen festa ez dira egingo.