- Udalaren egoera ekonomikoa aztertu ondoren, Zumarragako EH Bilduk azken hamarkadako okerrena dela ondorioztatu du. Egoera berbideratzeko bost proposamen egin dituzte.

EH Bilduk azken hamarkadako azterketa egin du. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun saileko datuak, azken hamar urteetako likidazioak eta Eustateko datuak hartu dituzte. Horretaz gain, Udaleko eta Aldundiko teknikariekin kontraste lana egin dute eta hainbat alorretako profesionalen aholkularitza teknikoa izan dute.

EH Bilduk hainbat ondorio atera ditu. Zumarragako Udalaren aurrezki garbia eta, beraz, inbertsioei aurre egiteko ahalmena, asko murriztu da. "Krisiak are gehiago okertuko du egoera eta aurrezki garbia negatiboan geratzeko arrisku handia dago". Altxortegia ere "asko" murriztu da. "Altxortegirik gabe geratuko gara laster, foru funtsaren murrizketaren ondorioz".

Azpikontratazioen pisua asko handitu dela eta inbertsioak murrizten joan direla ere salatu dute. Gastuak handitu egin dira, baina gastu soziala ez da proportzio berean handitu. "2019an gastuak lehenetsi ziren inbertsioen aurretik eta krisialdiak azken kolpea eman dio goiko auzoetako obraren 9. faseari".

Horretaz guztiaz gain, EH Bildukoek euskaran, kulturan, parte-hartzean eta ingurumenean murrizketak egin direla diote. "Ez gaude ados murrizketa horiekin eta murrizketek azken urteotako joera berresten du: aurrekontuaren exekuzio maila txikiena izan duten alorrak dira, inbertsioekin batera".

EH Bilduk bost irtenbide proposatu ditu. Lehenengoa ondasun eta zerbitzuen ataleko gastu korronteak murriztea da: Urretxurekin eta mankomunitatearekin zerbitzuak partekatu, hainbat zerbitzu Udalaren eskuetara itzuli eta eraginkortasun energetikoan inbertitu.

Bestalde, fiskalitate progresiboaren bidez sarrerak handitu daitezkeela uste dute. Eta eskualdeko egituren aldeko "apustu sendoa" egitearen aldekoak dira: Urola Garaia mankomunitatea, Uggasa garapen agentzia eta UGLE lanbide eskola. "Zumarraga eskualdeko egiturekin batera indartuko da. Bakarrik ezin dugu".

Denen artean hurrengo hamarkadarako estrategia zehaztea ere ezinbesteko-tzat jotzen dute. "Hurrengo hamarkadarako estrategia eraiki behar da, modu kolektiboan eta lidergo konpartituen bidez. Plan Orokorraren berritzea baliatu behar da 2030a bitarteko plan estrategiko bat garatzeko", aipatu dute EH Bildu koalizioko ordezkariek.

Bukatzeko, EH Bilduko kideek kudeaketa sistema eta lidergo eredua aldatu behar direla uste dute. "XXI. mendeko erronkek gaur egungo kudeaketa sistemak, lidergo kooperatiboak eta ideiak eskatzen dituzte".

Zumarragako EH Bilduk hiru bideo egin ditu azterketa hau ezagutzera emateko eta sare sozialen eta telefono mugikorren bidez zabalduko ditu.