- Legazpiko Udalak 403.000 euro bideratuko ditu COVID-19aren ondorioei aurre egiteko planera. Plan honen helburua familiei laguntzea, bizitza soziala berreskuratzea eta tokiko ekonomia bultzatzea da.

Gastuari dagokionez, 136.000 euro inbertituko du gizarte lagun-tzetan, 20.000 eskola materiala erosteko laguntzetan, 25.000 merkataritzan eta enpresa txikien inbertsioetan, 100.000 erosketa bonuetan, 12.000 ostalaritzako On Egin bonuetan eta 47.500 oraindik zehaztu gabeko laguntza lerro berrietan.

Bestalde, Legazpiko Udalak hainbat tasa kobratzeari uko egingo dio, krisia pairatzen ari diren herritarrei laguntzeko. Zabor tasari dagokionez 40.000 euro gutxiago kobratuko du, azokan postuak jar-tzen dituztenei ez die bigarren hiruhilekoa kobratuko (7.500 euro) eta ez du terrazak jartzeko tasa kobratuko (15.000 euro).

Legazpiko Udalak COVID-19ak egoera sozioekonomiko larria eragin duela dio. "COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, martxoaren 14an ezarritako alarma egoerak egoera sozioekonomiko larria eragin du. Herritar guztiei eta, bereziki, enpresa ehunari eragin die, jarduera ixtera behartu baitu".

Honi aurre egiteko, lehenbailehen lanean hastea komeni da. "COVID-19ak ezarritako geldialdia gorabehera, eta agintariek onartzen duten heinean, berriro ekin behar diegu gure jarduerei: batzuk utzi zituzten lekuan bertan, asko beren jarduera berrasmatzen eta denok egoera berrira egokitzen".

Esan bezala, Legazpiko Udalaren helburua herriko familiei laguntzea, bizitza soziala berreskuratzea eta tokiko ekonomia bultzatzea da. Hori dela eta, Legazpiko Udalak eskainiko dituen diru-laguntzen xedea familien ekonomian sortu den kalte ekonomikoa arintzea, herriko autonomoen eta enpresa txikien lehiakortasuna hobetzea eta tokiko merkataritza suspertzea da.

COVID-19arekin lotuta, Urola Garaiko Gurutze Gorriko boluntarioek maskarak banatuko dituzte gaur goizean Legazpiko azokan. Maskara banaketa postua elizako arkupean jarriko dute eta 10.30etik 13.00etara egongo dira bertan. Maskarak doan izango dira eta pertsona bakoitzari bat emango diote.