- Zumarragan asteroko azokak tradizio luzea du eta asko dira larunbatero azokara joaten diren bizilagunak. Eusko Jaurlaritzak merkatuak antolatzeko baimena eman duenetik, Zumarragako Udalak larunbateko azokan ahalik eta saltzaile kopuru altuenari tokia egiten saiatu da. Hala, larunbateko azokan 16 postu egon ziren. Ogia, arrautzak, esnekiak, fruta, barazkiak, bakailaoa, urdaitegiko produktuak eta ereiteko landareak erosi ahal izan ziren, besteak beste. Jende asko hurbildu zen.

Azoka 10.00etatik 13.00etara egon zen zabalik. Segurtasun neurriak hartu ziren: sarrerak eta irteerak udaltzainek arautu zituzten eta erosleak ate batetik sartu eta beste batetik irten ziren. Saltzaileek maskarak eta eskularruak erabili zituzten eta eskuak desinfektatu zituzten salmenta bakoitzaren ondoren. Postu batetik bestera segurtasun distantzia egon zen eta postu bakoitzean saltzaile bakarra egon zen.

Erosleei dagokienez, familia bakoitzeko erosle bat egon zen. Gunean sartu aurretik, eskuak garbitu eta eskularruak jarri behar izan zituzten. Materiala udalak jarri zuen.

65 urtetik gorakoei eta arrisku taldeetako kideei ez joatea gomendatu zieten, ez erostera eta ez saltzera. Udalak irekiera ordua baino lehen ez hurbiltzeko eskatu zien herritarrei, jende pilaketarik sortu ez zedin. Bestalde, Jai-Alaiko (Zelai Ariztiko) sarrera itxita egon zen, segurtasun neurriak bermatu ahal izateko. Herritarrak Soraluze kaletik, Legazpi kaletik edo beste aldeko eskaileretatik sartu behar izan ziren plazara. Jende ilara luzeak sortu ziren.