- Urola Garaiko Uggasa garapen agentziak Hazilan programaren edizio berri bat jarri du abian, langabezian dauden 44 urtetik azpiko profesionalei laneratzen lagun-tzeko.

Garapen agentziaren Hazilan programaren seigarren edizio hau apirilean hasiko da eta uztailean amaitu. Parte hartzaileek lana bilatzeko garrantzitsuak diren gaitasunak indartzeko formakuntza jasoko dute eta arlo ezberdinetako enpresetan 200 orduko praktikak egingo dituzte.

Ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek UGLE lanbide eskolan jasoko dute formakuntza, Uggasako teknikarien eskutik. Formakuntza saioak apirilaren 20tik 30era izango dira, 9.30etik 13.30era. Ondoren, beraien profil eta interesen araberako praktikak egingo dituzte Urola Garaiko enpresa ezberdinetan.

Uggasa garapen agentziako arduradunen ustez, Hazilan bizitzarako eta lanerako garrantzitsuak diren gaitasunak sustatzeko eta kudeatzeko eta nork bere burua ezagutzeko eta ezagutzera emateko oso baliagarria da.

Proiektu honetan parte hartzen dutenek enpresa munduko jendea ezagutzeko eta beraien ahalmenak ezagutzera emateko aukera edukiko dute.

Egitasmo honetan parte hartu nahi duten langabetuek 943 25 00 98 telefono zenbakira deitu behar dute edo lanpoltsa@uggasa.eus helbide elektronikora idatzi.

Proiektu honekin, Uggasa garapen agentziak Urola Garaiko enpresa, aditu eta herritarren arteko elkarlana sustatu nahi du, eskualdeko arlo ekonomikoari bultzada emateko eta gizarte ongizatea lortzeko.