urretxu - Euskal Herria Kantuz eta Lekaio elkarteek Iparragirre. Kale-antzerkia kantuz ekitaldia antolatu behar dute irailaren 5erako. Herritarrak XIX. mendeko urretxuarrak bezala jantziko dira eta Iparragirreren kantak abestu eta garai hartako ofizioak eta gertaerak antzeztuko dituzte. Ekitaldi hau astelehenean aurkeztu zuten, Urretxuko udaletxean.

Aurkezle lanak Juanlu Aranburuk egin zituen. Hasteko, proiektuaren sorreraren berri eman zuen. "Kultur etxetik deialdia egin zen proiektuak aurkezteko. Iparragirreren izaera herrikoiarekin lotuta, herritarrak kalera atera eta parte hartzeko egun bat behar zela pentsatu genuen".

Festa egun hau Iparragirreren eta bere emazte Anjela Kerexetaren bizitzak eta Urretxuko kantariaren balioak ezagutzera emateko ere baliatuko dute. "Iparragirreren baloreak azalduko ditugu: gure herriarekin eta kulturarekin oso konprometitua zegoen. Gainera, emakumeen lana aldarrikatuko dugu eta XIX. mendeko bizimodua nolakoa zen azalduko dugu".

Bide batez, XIX. mendeko gertakarien berri emango dute: Gaspar Jauregi urretxuarraren eta Tomas Zumalakarregi ormaiztegiarraren bizitzak, Ordiziako setioa, Deskargako bataila, Bergarako besarkada... "Hemen inguruan gertakari garran-tzitsu asko egon ziren". Urretxuko alde zaharra XIX. mendera bidaia-tzeko oso aproposa dela gehitu zuen.

Beraien asmoa ekitaldi hau errepikatzea da, Urretxuko ikur bihur dadin. Getarian Elkanoren lehorreratzea eta Ataunen Jentilen Etorrera bezala.

Jai eguna 13.00etan hasiko da. Ordu horretan herriko musikariak kalez kale ibiliko dira. 17.00etan parte-hartzaileei ongi etorri egingo diete Iparragirre plazan. Antzerkia 18.00etan hasiko da eta hiru orduko iraupena izango du. Bukatzeko, 21.30ean amaiera festa egingo dute.

Zazpi geldialdi Antzerkia ibiltaria izango da. Hasteko, Iparragirre plazan Frantziar Iraultza, frantziarren inbasioa, Jauregi militar urretxuarrak frantziarren aurka egindako borroka eta frantziarren ihesaldia irudikatuko dituzte. Iparragirren etxe azpian bere jaiotza gogoratuko dute.

Jubilatuen egoitza ondoko parkean Guda Karlista eta Bergarako Besarkada antzeztuko dituzte. Ondoren, Gernikako Arbola plazan, Iparragirrek Europan zehar egindako bidaia eta Gernikako Arbola kantaren aurkezpena irudikatuko dituzte. Areizaga kalean Iparragirreren atxiloketa eta erbesteratzea gogoratuko dituzte. Ondoren, Zubimusu plazan, Kerexeta ezagutu zuenekoa oroituko dute. Hortik Gernikako Arbola plazara joango dira, non Iparragirrek eta Kerexetak Ameriketan bizitako urteak gogoratuko dituzten. Bukatzeko, Iparragirre plazan, Iparragirrek bere azken kanta abestuko du. Ondoren, nahi duten guztiek aurreskua dantzatzeko aukera edukiko dute.

Parte-hartzaile guztiei liburuxka bana emango diete. Bertan, ekimenari, XIX. mendeko Euskal Herriari eta Iparragirreri buruzko idatziak bilduko dituzte. Baita pertsonaia nagusien aipamen laburra, Iparragirreren kantutegia eta Euskal Herriko kantu ezagunenak ere.

Festa honetan nahi duten guztiek parte har dezakete, euskal jantziekin edo XIX. mendeko jantziekin. Hiru eratara parte har daiteke: ibilbidean abestuz (horretarako ez dago izena eman beharrik), lanbideak antzeztuz (familian ere egin daitezke) edo antolaketa lanetan lagunduz. Izena emateko 669 546 357 telefono zenbakira deitu behar da edo iparragirrekantuz@gmail.com helbide elektronikora idatzi.

Urretxuarrei eta bertaratuko direnei egun horretan euskal jantziak edo XIX. mendeko jantziak janzteko eskatu diete