urretxu - Gaur hasiko da inauterien ospakizuna Urola Garaian eta, ohitura zaharrari jarraituz, Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetan txorizo ogitartekoak eta laranjak banatuko dituzte. Legazpin, berriz, Doinua musika eskolako kideek kalejira egingo dute.

Legazpiko kalejira 17.15ean hasiko da. Legazpiko ekitaldiekin jarraituz, ostiralean ikastetxeetako haurrek desfilea egingo dute. 16.00etan abiatuko dira, Santikutz egoitza paretik. Olaondo kaletik, Urola kaletik eta Kale Nagusitik pasako dira, Euskal Herria plazara heldu aurretik. Amaieran, Lintxen etorrera izango da plazan bertan. Ondoren, Urolatarrak txarangak erdiguneko kaleak alaituko ditu.

Larunbatean Legazpiko Gazte Asanbladakoen festa izango da. Aurtengo gaia zirkua izango da. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Baldintza bakarra zirkuarekin lotutako mozorroak janztea da. Egunean zehar, bazkaria, jolasak, kalejira eta kontzertuak egongo dira.

Igandea Doinua musika eskolako dultzaineroen kalejirarekin hasiko da. 10.00etan aterako dira kalera. Sustraiek dantza taldekoek, berriz, inauterietako konpartsa herrikoia egingo dute. Aurten, Lapurdiko inauteria antzeztuko dute.

Konpartsako kideak 11.00etan elkartuko dira, Laubide auzoko oinezkoen kalean. Konpartsa bertatik aterako da, 12.00etan. Laubiden, San Inazion, Juanastegin, Bikuñan eta Plazaola kalean (Kukue tabernaren parean) dantza egingo dute. Ondoren, gizarte zentroan bazkalduko dute.

Arratsaldean bigarren kalejira egingo dute. 17.30ean abiatuko dira, gizarte zentrotik. Gizarte zentroan, Kale Zaharrean, Kale Nagusian (Kalotxen parean eta Karibe Berri eta Gurrutxaga tabernen parean) eta Euskal Herria plazan dantzatuko dute. 19.00etan Lintxen agurra izango da. Panpina erreko dute eta inauteriei amaiera emango diete, Euskal Herria plazan.

Urretxu eta Zumarragan ere makina bat ekitaldi antolatu dute. Gaur, esan bezala, ikastetxeetan txorizo ogitartekoak eta laranjak banatuko dituzte. Bihar, 14.30ean, ikastetxeek inauteri festak egingo dituzte. Gainzuri ikastetxekoek Urretxuko Gernikako Arbola plazan egingo dute (eguraldi txarra egiten badu, Aldiri kiroldegian). Urretxu-Zumarragako ikastolakoek desfilea egingo dute bi herrietako kaleetan. La Salle-Legazpi ikastetxekoen festa Beloki pilotalekuan eta Ispilla kiroldegian izango da.

Ondoren, 16.30etik 19.30era, haurrentzako dantzaldia egongo da Zelai Arizti pilotalekuan. Eguraldi txarra egiten badu, Zumarragako azokan egingo dute.

Larunbatean, Lurra dantza taldekoak izango dira kalera irteten lehenak. 9.00etatik aurrera 31. herri inauteria egingo dute. Iparragirre plazan elkartuko dira eta, udaletxe aurrean dantza egin ondoren, herriko baserrietan dantza egingo dute. Aurten Eibarko Koko Dantza inauteria antzeztuko dute.

11.30ean Iparragirre Balerdi musika bandak inauterietako kalejira egingo du eta 17.30ean Secundino Esnaola musika eskolako dantza ikasleek desfilea egingo dute. Zumarragako Euskadi plazatik abiatuko dira. 18.00etan dantzaldia eta mozorro lehiaketa egongo dira Urretxuko Gernikako Arbola plazan.

Ezkion bihar ospatuko dituzte inauteriak. Goizean euskal dantzako ikasleek herrigunean dantzatuko dute eta arratsaldean Santa Lutzi auzoan. Gauean ezkiotarrek afaria egingo dute Argindegi ostatuan.