urretxu - Merkataritza eta alde zaharra biziberritzeko plana prestatu du Urretxuko Udalak. Alde zaharrean dagoeneko lokal huts batzuk txukuntzen ari dira eta aurki erabilpena izango dute. Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza sailaren laguntza du.

Plana Jon Luqui alkateak eta Nati Nieves zinegotziak aurkeztu zuten. Luquik egitasmo hau Legealdi Planaren barne ageri dela eta aurreko Merkataritza Plana 1994koa dela esan zuen.

Plan berriaren diagnostikoak denda kopuruak behera egin duela, biztanleria zahartzen ari dela, bizilagunen %40 erdigunetik kanpo bizi dela (Aparizio, Mundo Mejor, Gurutze...), alde zaharra itzaltzen ari dela (lokalen %65 hutsik dago), lokal asko arkupeetan ezkutatuta daudela, Urretxuko dendek Interneten presentzia eskasa dutela eta geroz eta bizilagun gehiagok Internetez erosten dutela dio.

Urretxun ia 100 denda eta taberna daude eta gehienak janari eta ostalaritzakoak dira. Arropa-denda eta drogeria gutxi daude. Merkatarien %24k 55 urte baino gehiago ditu eta ez dute online saltzeko asmorik. Gainera, merkatari askoren kasuan senitartekoek ez dute negozioarekin jarraitzeko asmorik.

Merkatariek aparkaleku gehiago, kultur eta festa eskaintza hobetzea eta negozioak irekitzeko erraztasunak ematea proposatu dute.

Ekintza planak hainbat ekimen aurreikusten ditu egoera hobe-tzeko. Adibidez, alde zaharra, Madaya eta Domingo Mendiaraz plaza biziberritzea. Baita etxez etxeko banaketa bultzatzea ere, biztanleria zahartzen ari baita, bizilagun asko erdigunetik kanpo bizi baitira eta Urretxun aldapa asko baitaude.

Lokal hutsak Dagoeneko hutsik dauden lokalei erabilpena emateko lan egiten ari dira. Urretxuko Udala Iparragirre kaleko bi lokal berri-tzen ari da. 12an herriko artisau talde batek lan egingo du (denak emakumeak dira) eta 8a herriko merkatariei eskainiko zaie. Bertan ekitaldiak, tailerrak, ikastaroak? antolatuko dituzte. Elkarlana eta sormena bultzatuko dira.

Luquik eta Nievesek lokal horien jabeei eskerrak eman zizkieten, alokairu sinboliko bat kobratuko baitute. Aurki beste lokal batzuk txukundu eta erabiliko direla aurreratu zuten. Elkarte batzuk ere lokalak eskatu dituzte. Gainera, obretan merkatarien beharrak aintzat hartuko dira (irisgarritasuna, argitasuna?) eta Merkataritzaren Mahaia eratu behar da.

Hau guztia Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza sailaren laguntzari esker egin ahal izango da. 2016an 21.700 euro eman zizkion Urretxuko Udalari, 2017an 27.000, 2018an 150.000 eta 2019an 131.000. Azken bi urteetan Urretxuko Udalak jaso dezakeen laguntza handiena jaso du.