urretxu - Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurreneko programaren barne,Urretxuko Udalak eta Igartubeiti eta Zumalakarregi museoek Iparragirreren Ibilbidea prestatu dute.

Ibilbidea atzo aurkeztu zuten, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Jon Luqui alkateak, Maialen Fidalgo zinegotziak, Igartubeiti museoko Kizkitza Ugarteburuk eta Zumalakarregi museoko Mikel Alberdik hartu zuten hitza.

Luquik Iparragirre 2020 egitasmoaren helburuak Iparragirre hobeto ezagutzea eta ezagutzera ematea, Urretxu ezagutzera ematea eta parte-hartzea eta elkarlana sustatzea direla gogoratu zuen.

Horrekin lotuta, Fidalgok Iparragirreren Ibilbidea elkarlanean antolatu dela gehitu zuen. Urretxuko bisitak ordu beteko iraupena du eta doan da. Urretxuko erdigunera iristean erraza da denboran atzera egitea eta XIX. mendeko kaleak eta herritarrak nolakoak ziren imajina-tzea. Izan ere, Urretxuk bere sorrerako morfologia matendu du: lauki zuzena, hiru kalek zeharkatua (Goiko Kalea, Kale Txikia eta Beheko Kalea). Iparragirre Beheko Kalean jaio zen, Alzola etxean.

Urretxuko bisita egiteko bi aukera daude. Alde batetik, bisita librea egin daiteke. Horretarako, kultur etxean mapa eskatu behar da (edo webgunetik jaitsi) eta herriko toki ezberdinetan jarri diren QR kodeetara jo. Kamerarekin enfokatuz gero, bisitariek audioak eta argazkiak lortuko dituzte (Iparragirreren biografia, kanta batzuk...). Fidalgok Alberdiri eskerrak eman zizkion, bera arduratu baita edukiaz.

Bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Martxoaren 15ean, apirilaren 26an, maiatzaren 24an eta ekainaren 14an izango dira. Bisitariak kultur etxean elkartuko dira. Bi hitzordu egongo dira: 11.00etan eta 12.30ean.

Ezkioko Igartubeiti baserriko eta Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko bisita gidatuek ere ordu beteko iraupena dute. Bisitariek 2,5 euro ordaindu behar dute.

Igartubeitin baserrietan nola bizi ziren erakusten dute eta Zumalakarregin XIX. mendea nolakoa izan zen. Iparragirre mende hartan bizi izan zen: Lehen Karlistadan parte hartu zuen, bi karlistaden artean zabaldutako foru zaletasunaren ikur bihurtu zen... Gainera, Zumalakarregin XIX. mendeko migrazioari buruzko erakusketa prestatu dute eta Iparragirre migratzailea izan zen.

Ugarteburuk Iparragirreren garaiaz hitz egin zuen. "Gerra, iraultza eta aldaketa garaia izan zen. Industrializazioa, trenbidea, artoaren gainbehera... garai hartakoak dira. Iparragirre Igartubeiti baserritik gertu hil zen: Zozobarron".

Alberdik Zumalakarregi museoak ere Iparragirrerekin lotura duela gogoratu zuen. "Gure museoan kontatzen den testuingurua Iparragirrerena da: Lehen Karlistada, bi gerren arteko aroa... Iparragirrek ondo surfeatu zuen: Lehen Karlistadan borrokatu zuen, Europan iraultzaren alde agertu zen, itzuli zenean berriro bota zuten bere kantekin zalaparta sor-tzen zuelako... Agintariek beldurra zioten".

Mendizabalek egitasmo honek hiru toki eder ezagutzeko aukera ematen duela aipatu zuen. "Badugu zer erakutsi, baina baita zer ikasi ere. Hiru toki eder eta nola bizi ziren ezagutzeko aukera dugu. Baita euskara erakusteko aukera ere. Euskarak balio erantsia ematen digu".