urretxu - Talde finkoetan parte hartzeko aukeraz gain, tailerrak egongo dira Urola Garaiako emakumeen jabekuntza eskolaren 2020ko edizioan.

Jabekuntza eskolan, emakumeek jasaten duten bazterkeriaz jabetzen dira eta gizarte egituren aurka egiteko erremintak eskuratzen dituzte. Mundua eraldatzen lagunduko dien bizi esperientzia bat lortzea da helburua. Emakumeen partaidetza eta jabekuntza sendotzea eta gizarte justu, anitz eta osoago bat lortzea, alegia. Baita emakumeen arteko sareak sortzea eta hauek aktiboagoak eta parte hartzaileagoak izatea.

Horretarako, talde finkoak eta tailerrak daude. Ekintza guztiak doakoak dira eta, aurretik abisatuta, haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Ikastaro guztiak emakumeen etxean izango dira (Urretxuko Pagoeta auzoan). Ezinbestekoa da izena ematea. Epea ikastaroa hasi baino bi egun lehenago bukatzen da.

Talde finkoei dagokienez, "edertasunez zahartzea" helburu duena hileko lehen eta hirugarren astearteetan elkartzen da, 17.30etik 19.30era. Emakume musulmanen ahalduntzea eta alfabetatzea helburu dituen taldea astelehen eta ostegunetan elkartzen da, 10.00etatik 12.00etara. Emakume etorkinen taldea, berriz, ostegunetan elkartzen da: 16.00etatik 18.00etara.

Autoestimua hobetzea helburu duen taldeak eta emakume zaintzaileenak oraindik ez dute egutegirik.

Tailerrei dagokienez, aurten bost egongo dira: tai chi chuan tailerra, Autonomia eta ahalduntzea, Emakumeak mugimenduan, Batukada feminista eta Emakumeen aurkako indarkeria janariaren, formaren, moldeen eta pisuaren bitartez.

Tai chi chuana barnera begirako arte martziala da. Medikuntza txinatarra oinarritzat hartuta, ongizate fisikoa eta emozionala bateratzen ditu. Tailerra hilaren 13an hasiko da eta maiatzaren 30ean bukatu. Saioak astelehenetan izango dira, 17.30etik 19.30era.

Ahalduntze tailerrean emakumeek askeago izaten ikasiko dute. Tailer hau urtarrilaren 15ean hasiko da eta martxoaren 4an amaitu. Saioak asteazkenetan izango dira, 15.00etatik 17.00etara.

Emakumeak mugimenduan tailerra bakoitzak nahi duen bezala eta epairik gabe dantza egiteko, elkar ezagutzeko eta zaintzeko espazio bat izango da. Saioak ostiraletan izango dira: otsailaren 7an eta 21ean, martxoaren 6an eta 20an, apirilaren 3an eta 24an eta maiatzaren 8an eta 22an, 9.30etik 11.00etara.

Batukada Batukada feminista tailerraren helburuak musikara gerturatzea, ondo pasatzea, beste emakume batzuekin lan egitea, sormena lantzea, autoestimua igotzea, kalera irtetea, espazioak okupatzea eta jendea gozaraztea dira. Saioak asteazkenetan izango dira: hilaren 22an, otsailaren 5ean eta 19an, martxoaren 4an eta 18an, apirilaren 29an eta maiatzaren 13an eta 27an, 18.00etatik 20.00etara.

Bukatzeko, Emakumeen aurkako indarkeria janariaren, formaren, moldeen eta pisuaren bitartez tailerraren helburua norbere gorputza onartzea eta elikadura kontzientea lantzea da. Saioak larunbatetan izango dira: apirilaren 4an eta maiatzaren 30ean, 10.30etik 14.30era eta 15.30etik 19.30era.