zumarraga - Atzo eguerdian Urretxu eta Zumarragako Gabonetako erakusleiho lehiaketako sariak banatu zituzten Antioko interpretazio zentroan. 26 dendak parte hartu dute eta lehen saria Salegi harategiak lortu du, bigarrena Urki liburu-dendak eta hirugarrena Natalietta jan-tzi-dendak. Epaimahaiaren aipamen berezia Andere ile-apaindegiaren-tzat izan da. Salegi, Urki eta Andere geltoki ondoan daude.

Sari banaketa ekitaldian Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinego-tziak parte hartu zuten. Serranok merkatariei eskerrak eman zizkien. "Eskerrik asko lehiaketa honetan parte hartzeagatik eta egunero egiten duzuen lanagatik. Lan handia egiten duzue, bi herriak edertzeko eta produktu erakargarriak eskaintzeko".

Merkatariek bi udalen babesa dutela gogoratu zuen. "Eskutik goaz. Argi eduki ezazue zuen aliatu fidelak garela. Elkarrekin antolatzen dugun egitasmoetako bat erakusleiho lehiaketa hau da. Aurten 26 merkatarik parte hartu dute eta epaimahaiak oso lan zaila izan du. Izan ere, erakusleihoen maila oso altua izan da. Eskerrik asko. Herritarrek erosketak herrian egin ditzaten, zuen esku dagoen guztia egiten duzue. Orain, gure esku dago erosketak herrian egitea. Herritarrei erosketak herrian egiteko eskatu nahi diet".

Fidalgok ere Urretxu eta Zumarragako merkatarien lana txalotu zuen. "Zorionak Gabonetako erakusleiho lehiaketan parte hartu dutenei eta baita bi herrietako gainontzeko merkatari guztiei ere. Izan ere, gaur egun oso zaila da denda bat aurrera atera-tzea. Baina zuen jarduna erabat beharrezkoa da. Herriari bizia ematen diozue. Ni komertzio gabeko kale batean bizi naiz eta dendak dituzten kaleak baino askoz ere tristeagoa da. Ez du zerikusirik. Eskerrik asko bi herriei bizia emateagatik eta elkarrekin antolatzen dituzuen ekitaldien bidez auzolana bizirik mantentzeagatik. Zuei laguntzeko gaude".

Irabazlearen hitzak Salegi harategiko Maria Luisa Odriozola oso pozik zegoen, noski. Berak eta bere senarrak, Fernando Salegik, urte asko daramatzate elkarrekin lanean. 1994an Fernando Salegi harategia ireki zuten. Negozioak 25 urte bete ditu aurten, beraz. 25 urte hauetan asko aldatu da. "Etengabe berritu behar da", aipatu zuen Odriozolak.

Dena da garrantzitsua: haragiaren kalitatea, garbitasuna, lokalaren diseinua, adeitasuna... eta erakusleihoa, noski. "Eskulanak asko gustatzen zaizkidanez, erakusleihoaz ni arduratzen naiz. Lehiaketaren lehen urteetan sariren bat irabazi genuen eta iaz aipamen berezia eman ziguten".

Aurten sari potoloa irabazi dute. "Nire alabaren mutilaren piano bat eta produktu freskoak jarri ditugu erakusleihoan. Pianoa bere aitonak egin zion, inauterietarako, Freddie Mercuryz mozorrotu zelako. Pianoa ikusi nuenean, erakusleihoan jar-tzea erabaki nuen. Bestalde, aurten produktu freskoak jarri ditut: urdaiazpikoa eta foiea. Aurreko urteetan kontserbak jarri nituen, baina freskoak ederragoak dira. Hori bai, bi egunetan behin aldatu egin behar izan ditut gal ez zitezen. Lan handia hartu dut".

Semeak idatzitako esaldi bat ere jarri dute: Elika zaitez erritmo egokian. Semea bertso eskolako kidea izan zen eta familia negozioetan etxeko guztiek bere aletxoa jarri beharra dute.

Bezeroei asko gustatu zaie erakusleihoa. "Oso polita dela esan digute". Adarra jotzeko ere balio izan du: batek baino gehiagok Fernandori pianoa jotzeko eskatu dio. Utzi ezazue Fernando gaixoa bakean, nahiko lan badu eta. Xerrak zirujau batek bezain zehatz ebaki, kirola egin... pianoa jotzea bakarrik falta zaio!