Arkupehotsak proiektua Azpeitiko Kulturaz Kooperatibak 2017an abiatu zuen, sortzaile berrien lanak plazaratzeko helburuarekin. Ordutik, dozenaka taldek zapaldu dute Sanagustin kulturgunearen barruan dagoen arkupeko oholtza. Hala ere, egitasmoa berrikuntzaz beterik dator datorren ikasturteari begira, beti ere, "esperientzia osoagoa eskaintzeko xedez".

Aitor Bengoetxea, Kulturaz kooperatibako kideak, Eneritz Albizu, Udaleko Kultura batzordeburuak eta Tomas Lizarazu, Bulego taldeko abeslariak, proiektuaren bosgarren edizioa aurkeztu zuten atzo Sanagustinen eta bertan jakinarazi zutenez "musika talde hasiberriek plaza batean kontzertu bat emateaz gain, sormen egonaldia eta esperientziak partekatzeko bidelaguna ere izango dute".

Datorren udazkenean, esaterako, Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua irekiko da eta, honi lotuta, ekimenaren bultzatzaileek "beste gorputz bat" eman nahi izan diote egitasmoari; "musika sortu, formatu, prestatu eta plazaratzeko aukera bat izan dadin". Hala, doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izango da Arkupehotsak.

16 eta 25 urte bitarteko musikari gazteei zuzenduta, Arkupehotsak proiektuaren bitartez "bi asteburutarako sormen egonaldiak eskainiko zaizkie Dinamoko soinuaren eremuan, musika talde edo bakarlari gazteei".

Bertan, sortzeko eta entseatzeko espazioa ez ezik, formazio teknikoa eta musikari ezagun baten bidelaguntza izango dute. Egonaldiaren amaieran, berriz, kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean.

Egonaldi bakoitzean musikari bidelagun bat izango dute talde edo bakarlariek. Arkupehotsaken bidelagun gisa parte hartuko dute, besteak beste, Olatz Salvador eta Tomas Lizarazuk.

Gainontzeko lau musikari bidelagunak "hautatuak izango diren taldeek jorratzen duten musika motaren araberakoak" izango dira.

Edonola ere, sei musikari edo musika talde aukeratuko dira proiektuan parte hartzeko eta interesatuek uztailaren 15era arte eman dezakete izena kulturaz.eus web gunearen bitartez. Aukeratuta suertatzen direnek hiru jardun landuko dituzte: talde/musikariaren entseguak "zuzenekoa prestatzeko"; formazio teknikoa zein artistikoa; eta kolaborazioa musikari erreferentzial batekin, "prestaketan eta kontzertuan".

Kulturaz Kooperatibak eta Udalak Euskal herriko musikari gazteak animatu nahi dituzte "doinuak sortu, ikasi eta plazaratzeko abagune eder hau aprobetxatzeko". l

Sei musikari gazte edo musika talde aukeratuko dituzte proiektuan parte hartzeko eta izena uztailaren 15era arte eman daiteke