- Joan den urteko abenduan izan ziren euriteen ondorioz Sistiaga errekan gertatu zen luiziak kalte handiak eragin zituen Loiolatik Azkoitiko Kukuherri auzora doan errepidean. Urte erdia igarota, bertako bizilagunek oraindik ezin dute Azpeitira joateko erabiltzen ohi duten errepidea hartu herrira gerturatzeko eta Azkoitia aldetik dagoen bidea hartzera behartuta daude.

Horretaz jakitun, Azpeitiko Udala Sistiaga errekan sortutako egoera konpontzeko lanean ari da, baina irtenbidea ez da batere erraza. Segurtasuna bermatzeko, errepidea itxita dago ibilgailu zein oinezkoentzat eta badirudi horrela jarraituko duela hurrengo hilabeteotan.

Udalak jakinarazi duenez, "egindako azterketek luizi handiagoa gertatzeko arriskua dagoela adierazten dute". Hala eta guztiz ere, Azpeitiko Udala proiektua egiten ari da errepidea konpondu ahal izateko, eta lehen aurreikuspenen arabera, egin beharreko obrak 600.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko luke.

Hori horrela, "emergentzietarako dirulaguntza eskatzeko bidean gaude; eta horretaz gain, alternatiba eta bide ezberdinak aztertzen ari gara obra bideragarriago izateko helburuz", azaldu dute Udaletik.

Urtero bezala, Azpeitiko Udalak hainbat baserri bide konpontzeko diru partida jarria du 2022rako.

Oraingoan herriko nekazal eremuko bost baserri bide konpontzeko proiektuak egin eta lehiaketa publikoa martxan jarri du. Aurrekontua 146.072 eurokoa da eta proposamenak edo eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 1ean bukatuko da.

Zehazki, Abitain, Alabier, Urreta eta Etxe-alai arteko bidea; Oñazko Larrea eta Zabale artekoa; Aitzumarriagagoikoa eta Pagotxeta artekoa; Gerranzuri eta Antxieta (Urrestilla) artekoa eta Urrestillako Altzasu eta Bikendi artekoa konponduko dira.

Bide horien konponketaren bidez, landa eremuko bizilagunen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea da helburua. Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak adierazi duenez, "landa eremua bizirik mantentzea oso garrantzitsua da Udalarentzat. Horregatik, eremu horietako azpiegiturak ondo mantentzeko baliabideak jartzen ditugu urtez urte, tartean errepideak konpondu eta irisgarritasuna hobetzeko".

Labakaren hitzetan, "neurri desberdinak hartuz, pixkanaka udalerriko landa eremuan bizi diren herritarren bizi kalitatean eragiten dugu". l

Azpeitiko Udalak bost baserri bide konpontzeko lehiaketa publikoa jarri du abian 146.072 euroko aurrekontuarekin