- Udalak Ekindar Azpeitiko energia kooperatibako bazkide egin direnei zuzendutako dirulaguntza deialdia abiatu du, beti ere, "trantsizio energetikorako pausoa eman eta herrian bertan sortutako energia kontsumitzeko apustua egin duten herritarrak laguntzeko".

Dirulaguntza orokorra 500 eurokoa izango da (gehienez ere bazkideak egindako ekarpenaren %50a izanik) baina egoera ekonomiko zailean dauden herritarrek 1.000 euro arteko dirulaguntza jaso ahalko dute.

Edonola ere, Ekindarreko bazkideek ekainaren 30era arte dute Udalaren dirulaguntza eskatzeko aukera. Eskaerak udaletxeko lehen solairuan dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu behar dira, eskaera orriarekin eta beharrezko dokumentazioarekin (bazkidearen NANaren kopia; kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen ziurtagiria eta Ekindarreko kontratua sinatzean jasotako bazkide ziurtagiria). Hori bai, nahi duenak modu elektronikoan egin dezake eskabidea, Udalaren webgunearen bidez.

Ekindarreko bazkidetza aurrera doa eta dagoeneko 450 bazkide ditu herritarren energia kooperatibak. Hala ere, beste 100 bat familiarentzat lekua dago eta azken bazkide horiek lor-tzeko ireki da Goikokale 2 zenbakiko bulegoa, herritarrei bazkidetzaren inguruko xehetasunak azaldu eta tramitazioan laguntzeko.

Astelehenetik ostiralera bulegoa 10.00etatik 13.00era bitartean dago irekita; eta astelehen eta asteazkenetan 16.00etik 18.30era ere.