- Bertan Merkatari Elkarteak "etorkizuneko kontsumitzaileak tokiko kontsumoaren inguruan sentsibilizatzeko" proiektu berri bat jarri du martxan herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean; eta horren baitan ikasleen eta herriko dendarien arteko harremana bultzatu da azken hilabeteotan. Izan ere, adin ezberdineko 147 ikasle (Iraurgi Ikastetxeko DBH3 mailakoak, Urola Ikastolako DBH4koak eta Ikasberri Ikastolako Batxiler 1ekoak) herriko 37 saltokitako erakusleihoak apaintzeaz arduratu dira, udaberria gaitzat hartuta.

Merkatarien elkartetik jakinarazi dutenez, prozesua urtarrilean hasi zen: "Orduan, Bertaneko ordezkariek ikastetxeak bisitatu zituzten eta egin beharreko lanen berri eman zieten ikasleei. Hauek, berriz, tokaturiko saltokiarekin harremanetan jarri eta apaindu beharreko erakusleihoaren ezaugarriak ezagutu ostean, lehendabiziko bozeto bat prestatu zuten".

Horren ondoren eta dendarien adostasunarekin, gaztetxoek dekorazio-elementuak garatu zituzten ikastetxeetan eta pasa den astean erakusleihoetan kokatu zituzten: "Guzti hau materialen berrerabilera sustatuz, arlo ekonomikoa zainduz eta ikasleen ekimena zein irudimena sustatuz" garatu dela azpimarratu dute.

Lana bukatuta, ikasleek prestatutako erakusleihoak maiatzean zehar izango dira ikusgai. Dendarien elkarteak apaindutako saltokiak zein diren erakusten duen esku-orria banatu du herriko buzoietan eta "kaleak zapaldu eta gaztetxoen arte lanak ikustera" animatzen ditu herritarrak.