dal Gaztelekuak antolatuta, Azpeitiko gazte eta nerabe musikarien esperientziak ezagutu eta elkarbanatzeko Gazteak eta Musika ekintza berritzailea burutu zen joan den astean Sanagustin kulturgunean eta bertan bizi izandakoa aztertu ondoren, "oso balorazio positiboa" egin dute saioaren bultzatzaileek. Izan ere, Sanagustinera bertaratu ziren nerabe eta gaztetxoek herriko musikari gazteek sortutako Ukabil, Istillu, Leherkaitz eta No Place taldeen musikaz gozatzeko aukera izateaz gain, talde horietako kideekin solasean aritzeko parada izan zuten. Saioa "oso giro onean" ospatu zen.

Ekimenaren antolatzaileak "eskertuta" agertu dira saioan parte hartu zuten herriko gazte zein nerabe eta Sanagustin kurturgunearekin: "Gaztelekuko nerabe talde bat ere izan genuen antolaketa lanetan bidelagun eta esker berezi bat eman nahi diegu beren konpromiso eta parte hartzeagatik", azaldu dute. Hezitzaileek musikari gazteek eta nerabeek "egun bikaina" igaro zutela elkarrekin azpimarratu dute. Beraien ustetan Gazteak eta Musika "ekarpen handia" izan da, eta nolabait, "errekonozimentu bat nerabezaroari eta herrian martxan diren gazteen musika taldeei".

Azken batean, "berriro elkartzeko eguna izan zen pasa den ostegunekoa". Izan ere, musika talde horietako partaide ia gehienak Gaztelekuan ibili izan dira: "Gaur egun, beren eskuzabaltasuna miresten dugu horrelako egun batean partehartzeak, atzetik etorriko diren nerabeei bultzada ematen laguntzen dielako", azpimarratu dute Gaztelekutik.

Solasaldian musikari gazteek beren errealitatea azaldu zuten nerabeen aurrean: taldeeen hastapenak, bidean izandako pasadizoak zein oztopoak, letrekin adierazi nahi dutena, antolatzeko duten modua... Musikariek argi azaldu zuten gazteen "nahi eta grina" batzuetan ez dela nahikoa eta entseatzeko leku bila zailtasunak izan dituztela. Hala ere, datozenentzat mezu garbia zabaldu zuten: "eman latie, eskau eta ez euki lotsaik". Gazteak duen indarra eta nerabeak duen gogoa ondo ezkondu ziren solasaldian zehar eta bertaratu ziren nerabeek "asko gustatu" zitzaiela adierazi zuten.

Horrelako egun bat eta gero, hezi-tzaileak "indartuta" itzuli dira lanera: "Esperientzia bat gehiago bizitzeko aukera izan dugu elkarrekin eta elkarlanean. Horrek harremanak estutzen ditu, elkar hobeto ezagutzeko aukera ematen digu eta konfiantzaren pedagogian indartzen gaitu".

Gazteak eta musika ekimenak izandako arrakasta ikusita, Gaztelekua esperientzia berriro antolatzeko prest dago. Esan beharrik ez dago musikari gazteek eta nerabeek ere errepika-tzeko prestutasun osoa dutela.