Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren "izena eta izana" ezagutarazteko helburuz urtero ematen duten 3.000 euroko bekaren epaimahaiak Nepalen dagoen Jannu mendiaren inoiz zapaldu gabeko gailurra alpetar estilo garbian eskalatzeko proiektuari esleitu dio aurtengo beka. Proiektu hori aukeratzerakoan, Takolo beka "hasierako espiritura" itzuli dela nabarmendu du Egoitz Arruti, Udaleko Kirol batzordeburuak.

Edonola ere, erronka horri "aurtengo urrian" egingo dio aurre Ekaitz Maiz, Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Mikel Inoriza mendizaleek osatuko duten espedizioak.

Bekaren proiektu irabazlea aurkezteko ostegunean egin zen agerraldian Ekaitz Maiz eta Mikel Zabalza izan ziren; ondoan Egoitz Arruti, Koldo Sansinenea, Jabier Urbieta Joxe Takoloren anaia eta bekaren komisioko kideak zituztelarik.

Zabalza oso eskertuta azaldu zen beka jasotzeaz: "Benetan eskertu nahi dut Udalak eta Federazioak mendizaletasuna bultzatzeko egiten duten esfortzua. Guretzat bultzada handia izan da, batez ere animikoki, aurrera egiteko. Laguntza gehiagoren bila jarraitu beharko dugu, baina aurrera jarraitzeko indarra eman digu bekak", esan zuen.

Aurretik duten proiektua "alpinistikoki oso anbiziotsua" dela nabarmendu zuen Zabalzak: "Niretzat osagai guztiak ditu, originala da, altua da, zaila, ezezaguna... abenturarako izugarria da, eta gogo izugarria dugu".

Maizek, berriz, 1981. urtean euskal espedizio bat Jannuko tontor nagusira (7.710 metro) heldu zela gogorarazi zuen. Hala ere, oraingo honetan ekialdeko gailurrera (7.486 metro) heltzea lortu nahi dute. Horretarako, ekialdeko gailurraren ekialdeko aurpegia alpetar estilo garbian eskala-tzea da helburua.

Ekaitz Maizen hitzetan, "argazkian txiki ikusten da, baina Jannuren horma horrek izua sortzen du. Faktore asko izan behar ditugu alde proiektua gauzatzeko".

Urriaren hasieran ekingo diote, garairik egokiena delakoan: "Behe kanpalekura iristeko glaziar bat zeharkatu beharko dugu, eta ez da nolanahikoa. Oinarrizko kanpalekura iristeak nahiko lan emango digu eta baita bidean sartzeak ere".

Joxe Takolo bekaren irabazleek "hilabete eta erdi ingururen bueltan" etxera itzultzea aurreikusten dute.