Osasun egoera hobetzen joan den einean jaiak eta bestelako ekimenak berreskuratzen joan izan dira eta horietako bat datorren larunbatean EAJren gaztediak Azkoitian ospatuko duen EGI Eguna izango da.

Jardunaldian zehar Euskal Herri osoko jeltzale eta abertzale gazteen partaidetzari irekitako ekintza ugari izango dira Urola Erdiko herrian. Aldarrikapenekin batera, esan beharrik ez dago festa giroa izango dela nagusi. Gonbidapena luzatuta dago.

Edonola ere, aurtengo EGI Eguna Berriro elkarrekin! lelopean ospatuko da eta antolatutako egitaraua eguerditik iluntzera bitartean burutuko da.

Hasteko, ekitaldi politikoa izango da 12.00etan Herriko Plazan. Bertan Andoni Ortuzar, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Amaia Larrañaga Aberri Kontseiluko ordezkari azkoitiarrak eta 2023ko maiatzean ospatuko diren udal hauteskundeetarako Azkoitiko EAJren alkategaia izango den Ana Azkoitiak hartuko dute hitza.

Larunbateko EGI eguna girotzeko musika izango da eguerdi partean eta arratsaldean Azkoitiko herrigunean.

Era berean, jardunaldirako prestatutako ekitaldiak ez dira Herriko Plazan egingo den ekitaldi politikora mugatuko. Izan ere, horren ondoren (13.00etan) bildutakoek trikipoteoa egingo dute herriko kaleetan zehar, eta ondoren, bazkaria.

Bazkalostean ere, festa giroan igaroko dute eguna. Euzko Gaztedi-EGIk, "mugimendu politiko euzkotar abertzale, euskaldun, independentista eta humanistak", estatu propioa aldarrikatzeko erabiliko du EGI Eguna, "gazteek babesten eta sustatzen dituzten baloreekin" batera.

Esan bezala, Euskal Herri osoko gazteak gonbidatuta daude larunbateko festan parte hartzera.