- Pedro Mari Isart, Rafael Delas, Jose Mari Izura eta Dioni Aizpuru erail zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian 1984ko martxoaren 22an. Erailketak ikusi zituzten testiguak eta beste hamaika proba dauden arren, oraindik ez da kasuaren egia, justizia, erreparazio edo aitor-tza ofizialik izan eta horregatik, eraildakoen senide eta lagunek kasua argitzeko lanean jarraitzen dute.

Hori dela eta, 38 urte igaro ondoren oraindik argitu gabe dagoen Pasaiako Sarraskia ez ahazteko hainbat ekintza izango dira hilabete honetan Azpeitian.

Hasteko, oroimen ekitaldia egingo da martxoaren 22an (19.00etan), Enparan Dorretxearen atzekaldean dagoen monolito parean.

Era berean, hilaren 18tik 26ra bitartean, Pasaiako Sarraskiaren inguruko erakusketa izango da ikusgai Foru Pasealekuko aretoan; eta Donejakue kaleko muralaren parean sarraskiaren nondik norakoak azaltzen dituen panel informatiboa jarriko da.

Pasaiako Sarraskiaren 38. urteurreneko ekitaldi nagusia martxoaren 26an egingo da (19.00etan), Azpeitiko Azoka Plazan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "Pasaiako Sarraskia argitzeko eskaera izango da aldarri zentrala, torturaren aurkako aldarriarekin batera".

Ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Pasaiko badian eraildakoen senideek, Jon Maia bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak. Urtero bezala, herritar guztiak gonbidatuta daude ekitaldi horretan parte hartzera