- Azpeitiko Udalak eta herriko ikastetxeek Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleen gurasoei formakuntza emateko eskolak antolatu dituzte datozen asteetarako. Guraso askorentzat gero eta zailagoa izaten da beren seme-alaben portaerak ulertzea, bizi dugun teknologia berrien garai aldakor honetan; eta ondorioz, gaztetxoek izan ditzaketen kezka edo arazoen aurrean erantzun egoki bat ematea.

Udaletik azaldu dutenez, martxan jarritako ekimenaren helburua "ikasleen gurasoei gaztetxoen garapen egokian eragin eta sor daitezkeen oztopo edo arazoei aurre egiteko tresna edo baliabideak eskaintzea da, beti ere, "beren seme-alaben heziketan bidelagun izanik".

Era berean, antolatutako ekimenak "gurasoen arteko komunikazio eta hausnarketarako foruak izatea" badu helburu.

Udaleko eta ikastetxeetako ordezkarien hitzetan, "gurasoen kezka eta ardura gehienak antzekoak eta konpartituak izan ohi dira. Horregatik, horiek kudeatzeko tresnak eskaini eta gaur egungo gaztetxoen errealitatea gertuagotik ezagutzeko helburuarekin antolatu ditugu eskolak".

Guztira, Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoentzako hiru saio ezberdin eskainiko dira ikastetxe bakoitzean eta DBH eta Batxilergoko ikasleen gurasoentzako saio bat izango da. Ikastetxeetan egingo diren formakuntza saioak euskeraz izango dira baina, hala ere, gai bakoitzaren inguruko gaztelerazko saio bat ere eskainiko da, Basazabalen "denentzat". Saio guztiak 18.00etan hasiko dira.

Lehen Hezkuntzako gurasoentzat antolatutako aurreneko saioan Nola ez galdu mundu birtualean gaia jorratuko da (hilaren 21ean Ikasberrin egingo da, 22an Iraurgi ikastetxean, 23an Karmelo Etxegarain eta 24an, erderaz, Basazabalen). Bigarren jardunaldia Nola hezi gure seme-alabak tratu onetan izenburupean burutuko da (hilaren 28an Ikasberrin, 29an Iraurgin, 30ean Karmelo Etxegarain eta 31n Basazabalen) eta hirugarrenean Eskuhartze goiztiarra gaia izango dute izpide (hilaren 15ean Iraurgin, 16an Karmelo Etxegarain, 17an Basazabalen eta apirilaren 4an Ikasberrin).

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gurasoentzat prestatutako saioak Zure seme-alaben mundu birtuala izenburupean egingo dira. Iraurgi ikastetxeko eta gaztelerazko saioak aste honetan egin dira jada baina Ikasberrin hilaren 29an izango da eta Urola BHIn hurrengo egunean.