- Azpeitiko herriak mozorroen festa ospatuko du aurten eta karnabalak heltzear direla iragartzeko kaldereroen kalejira izango da datorren larunbatean herrian.

Desfilea 19.00etan hasiko da Artzubitik eta San Martin egoitza aurrean jo ostean, kaldereroek Alde Zaharrean egingo dute buelta. Kalejira Plaza Nagusian bukatuko da eta ibilbidean zehar, bildutakoek Trapu zaharrak eta Kalderero martxak joko dituzte beren zartaginekin.

Edonola ere, karnabalak girotzen joateko bestelako ekintzak izango dira asteburuan zehar Azpeitian. Hala, larunbatean Kaos Urbano eta State Alerta taldeen kontzertua egongo da (21.00etan) Sanagustin kulturgunean.

Igandean, berriz, Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea Abesbatzak, Banda Gazteak eta Musika Eskolak karnabaletako kantuen emanaldia eskainiko dute (12.30ean) Soreasun. Ondoren, kalejira egingo du Udal Musika Bandak. Era berean, eski simuladorea izango da igandean herriko Plaza Nagusian (11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara) eta Sanagustinen "giroko argazkiak" ikusi ahalko dira.