- Alkatetzak laguntza berria izango du Azpeitian. Izan ere, umeek "herrian egon daitezkeen arazoei buruzko aholkuak eta proposamenak" emango dituzte aurrerantzean. "Tokiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegia emateko" Haurren Kontseilua eratu berri da herrian, Azpeitiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako neska-mutilen partaidetzarekin, hain zuzen ere. Udalak, berriz, organu berri horrek egingo dituen proposamenak entzuteko eta baloratzeko konpromisoa hartu du.

Udaletik gogorarazi dutenez, Udalak Herri hezitzailea izateko konpromisoa hartu zuen orain dela hainbat urte eta horren baitan herri hezitzaile filosofiaren inguruko lanketa aurrera eramateko Oinherri egitasmoarekin hitzarmena ere badu: "Halako sareetan parte hartzeak haurraren ikuskera berri bat dakar: haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, gaur eta hemen eskubidedun herritartzat aitortzen da", azaldu dute.

Hala, "txikitatik herriko erabakietan parte hartzeko eskubidea eta betebeharra ematen zaie".

Udal arduradunen ustetan, ikuspuntu horretatik sortutako herri batek herritar guztiontzako dakar-tza onurak.

Izan ere, "haurrak edo bazterretako bestelako pertsonak erdigunean jartzeak bestelako praktika eta egiteko moduak dakartza".

Halaber, herri hezitzaile hori balio hezitzaile batzuen gainean landu nahi dute (berdintasuna, aniztasuna, partehartzea, euskara...). Lanketa horretarako, ezinbestekoak izango dira Gaztedia saileko hezitzaileak; horiek izango baitituzte bidelagun kontseiluan.

Horrela bada, Azpeitiko haurrei "ahotsa eta protagonismoa emango zaie, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna".

Azken batean, "haurrak entzuten ikasiz gaietan sakontzea" da eratu berri den Kontseiluaren helburu nagusietako bat.