- Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak Urteko Kirolariak izendatzeko antolatzen duten ekitaldia hartu zuen larunbatean Sanagustin kulturguneak eta bertan emandako sari nagusiak Alaia Juaristi eskiatzaileak, gizonezkoen Iraurgi Saskibaloi taldeak eta Xanti Merino boluntarioak eskuratu zituzten.

Ekitaldiari hasiera emateko Egoitz Arruti Kirol zinegotziak hartu zuen hitza, bizi dugun pandemian kirola "helduleku" izan dela adierazteko. Arrutiren esanetan, "batzurentzat kirola lasterketan parte hartu edo zerbait irabaztea da; baina beste askorentzat Loiolara joatea".

Horregatik, "bakoitzak bere erronkak" izaten dituela eta horiek "gainditzeak, norbera zoriontsu" egiten duela azpimarratu zuen. Hori bai, Kirol zinegotziaren ustetan, zoriontasun hori ez da erabatekoa, ez bada gertuko jendearekin elkarbanatzen: "Emaitza bera baino ederragoa izaten da lorpenak ingurukoekin konpartitzerakoan sortzen den konplizitate hori", esan zuen.

Azpeitiko 2021 Urteko Kirolariak aukeratzeko ospatutako galan modalitate edo disziplina askotariko kirolariak nabarmendu bazituzten ere, hiru izan ziren emandako sari nagusiak.

Emakumezkoen kategorian, Urteko Kirolaria Tolosako Uzturre klubean dabilen eta izugarrizko denboraldia egin duen Alaia Juaristi eskiatzailea hautatu zuten. Izan ere, Alaiak 18 urte azpiko Espainiako Txapelketan lehen postua eskuratu du bi modalitatetan (sprintean eta estilo librean) eta estilo klasikoan Espainiako azpitxapeldun izan da. Ondorioz, Espainiako Kopako txapelduna da.

Horretaz gain, bere buruari jarritako erronka nagusia ere bete du: Europako Kopan parte hartzea. Joan den larunbateko ekitaldian ezin izan zen egon txapelketa batean parte hartzen zegoelako.

Gizonezkoen kategorian, berriz, Urteko Kirolariaren sari nagusia 2020-2021 denboraldian zilarrezko LEB mailako Kopan eta Ligan txapeldun izan zen Iraurgi Saskibaloi Taldeak eskuratu zuen.

Denboraldi historikoa burutu zuen taldeak, jokatutako txapelketa guztiak irabaziz eta aurreikuspen guztiak apurtuz. Ondorioz, saskibaloiaren bigarren mailara igotzea lortu zuen, alegia, Urrezko LEB ligara, eta horretan dihardu 2021-2022 denboraldi honetan.

Azkenik, urte luzez Iraurgi Saskibaloi klubeko boluntario lanetan ibili izan den Xanti Merinok jaso zuen bolondres aipagarrienari emanako errekonozimendua. Edozertarako prest, Xanti Merinok astean zeharreko entrenamenduetan ikusten ez diren, baina beharrezkoak diren lanak burutzen ditu; eta taldearekin hain luze egin ohi diren bidaiak antolatzen ere laguntzen du, dena ondo joan dadin.