- Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen hamargarren urteurrenerako urtarrilean sortu zen Herri Batzordeak (Kultur Mahaia, Kulturaz kooperatiba, bi udal taldeak eta norbanako batzuk osatuta) amaitutzat eman du bere zeregina urte osoan zehar lanean aritu ondoren, eta desegitea erabaki du, betiere, "hasiera batean jarritako helburuak beteta".

Bere ibilaldia amaitu dela adierazteko kaleratutako idatzian jasotakoari eutsiz, batzordea gustora agertu da egindakoarekin. Izan ere, "asmoa ez zen hamargarren urtemuga ekitaldiz jostea, baizik eta modu selektibo batean prestatzea egitaraua; eta uste dugu, kopuruz eta arloz, izan duela oreka bat".

Maiatzetik urrira bitartean "harrera ederra" izan duten hainbat ekitaldi burutu dira herrian (bi nazio jardunaldi, Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala, bi erakusketa, Kultur Zuhaitz Eguna, hamargarren urteurreneko ekitaldi ofiziala eta kontzertu bat) eta denak "pandemia betean izan badira ere, hartutako osasun neurriekin, herritarren erantzukizunarekin eta Kulturazeko langileen konpromisoarekin, ondo atera ditugu aurrera". Ondorioz, Herri Batzordeak helburuak "betetzat" jo ditu.