- Urkome, Urola Kosta landa garapenerako elkarteak, nekazal eremuko bost proiektu berritzaile bultzatuko ditu banatu berri dituen VII. Urkome Sarien bitartez. Aurtengo deialdira hamar proiektu aurkeztu ziren eta guztien "maila altua" nabarmendu ondoren, epaimahaiak bost proposamen saritu ditu (bakoi-tzak 1.000 euroko diru kopuruarekin).

Nekazaritza jardueraren sustapena atalean, irabazlea Maite Manzisidorrek aurkeztutako Iragana ahaztu gabe, aurrera jarrai proiektua izan da. Gainera, honek (ukuiluko lana errazte aldera behiak biltzeko robota jarri dute) online botazioaren bidezko saria (bertako produktuen saskia) jaso du.

Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena atalean "herritarren erosketak erraztu eta merkataritza txikiari eta azokaren kontsumoa indar-tzeko" Enkarguk proiektua eskuratu du; Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu atalekoa Arroan martxan jarritako Txara janari dendarentzat izan da; Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak ematen duten saria Joseba Iruretagoiena eta Josu Arrutiren Shitake onddoa, Basotik proiektuak jaso du eta Landa eremuko emakume ekin-tzaileari eskainitakoa Aiora Urbietarentzat izan da, "bertakoa eta ekologikoa den sendabelar eta landare aromatikoen kalitate goreneko ekoizpenerako" aurkeztutako Amalda biobotanika proiektuagatik.