- Azpeitiko herriak Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Asteklima, Klimaren eta Energiaren Astearekin bat egin du eta horren harira prestatutako hainbat ekintza izango dira datozen egunetan Ekoetxean.

Hasteko, 18 urtetik gorako herritar guztien partaidetzari irekitako Klima aldaketaren Escape-box ekimena egingo da ostiralera bitartean (egunero bi saio egongo dira, 11.00 eta 16.00etan), beti ere, "jolasaren bitartez eta hainbat froga gaindituz, parte-hartzaileek klima aldaketari buruz ikasi, hausnartu eta sentsibilizatzeko".

Larunbatean, berriz, energia berriztagarrien inguruko erakusketa eta jolasak izango dira Ekoetxean familientzat (11.00etatik 13.00etara) eta igandean kamishibai: Maiterki eta Klima Aldaketa izeneko tailerra.

Jarduera guztiak doanekoak dira, baina scape-boxean eta igandeko tailerrean parte hartzeko aurrez eman behar da izena museo@ingurugiroetxea.org helbidera idatziz edo 943 813 448 telefono zenbakira deituz.