AZKOITIA. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak herritarrei arduraz jokatzeko deia egin die eta gizatasunari eta solidaritateari heltzeko eskatu du. Bigarren urtez jarraian, ez da andramaixik izango, baina egun seinalatuetan, nahitaez, jende pilaketak sortzeko eta arau-hausteak egiteko arriskua areagotu egiten da, “kosta egiten zaigulako festarik ez dagoela barneratzea eta ondorioz, testuinguruak eskatzen duen bezala jokatzea”.

Horregatik, alkateak elkarlana eskatu du. “Ezinezkoa da arazo global bati indibidualki eta solidarioa ez den moduan aurre egitea. Lagundu egin behar dugu. Egia da Euskadik biztanleriaren erdia baino gehiago immunizatu duela eta txertoarekin hobera egin duela erietxeetako egoerak, baina positibo bakoitzak sekulako geldialdia eragiten du bere inguruan. Eskuak garbitzea, maskara eramatea eta distantzia mantentzea behar-beharrezkoak dira oraindik. Amorragarria da beti gauza bera entzun beharra, baina ez dago besterik. Badakigu zer egin behar dugun. Oraindik ez dugu irabazi hainbeste min eta sakrifizio eragin digun borroka”.

Zubizarretak uste du honezkero ikasita beharko genukeela izan. “Argi ikusi da “ez festen” ondoren herri guztietan nola kutsadurek gora egin duten eta gustatuko litzaidake Azkoitian ez hori gertatzea eta kontsekuenteak garela erakusteko gai izatea”, azpimarratu du.

Gaur goizean bilera egin du alkateak Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin egoera aztertzeko datozen egunetara begira, gorabehera desatseginik gerta ez dadin. “Zaintza indartuko da jende pilaketak eta botiloiak saihesteko. Kontuan izan behar dugu ardura partekatua dela. Ez dira baldintzak ematen erlaxatzeko eta parrandarako. Zaindu dezagun geure burua eta ondokoena”.