- Azpeitiko Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean hilabete honetarako prestatu duen ekintza berezien egitarauak datorren asteartean izango du jarraipena; Betharrametako jolas lekuan egokituko den ur jolasen parkearekin, hain zuzen ere.

Udaletik jakinarazi dutenez, "adin guztietako haurrek jolasteko parkea izango da eta sarrera doakoa izango bada ere, beharrezkoa izango da dagoeneko Udal webgunearen bitartez eskura daitekeen gonbidapena izatea". Hori bai, "guraso edo umeen arduradunek ez dute gonbidapenik beharko eremura sartzeko".

Edonola ere, astearterako antolatutako ur jolasen parkea "egun osoan zehar" egongo da martxan eta ordubeteko sei txanda egokituko dira: 11.00etan, 12.15ean, 15.30ean, 16.45ean, 18.00etan eta 19.15ean (txanden artean, 15 minutuko tartea izango da). Ahalik eta haur gehienek jolasteko aukera izan dezaten, txanda baterako sarrera eskuratu daiteke.