- Azpeitiko Dinamoa sormen guneak Kultur Mahaiak sortutako Kulturzale elkarteko bazkideen ezohiko batzarra hartuko du bihar (11.00etan). Bertan jorratuko den gai bakarra herriko kultur komunitate artikulatuaren birmoldaketa proposamena izango da.

Kultur Mahaitik gogorarazi dutenez, "ohiko batzarra martxoaren 30ean izan zen eta elkarteko urteko kontuei buruz-eta aritzeaz gain, kultur komunitatearen azkeneko dozena bat urteko ibilbidea eta egungo diagnostikoa azaldu zituen mahaiko talde eragileak".

Era berean, talde eragileak planteatu zuen "komeni zela birmoldaketa pentsatzen hastea", beti ere, "herri egiturak gaur egunera egokitzeko, duplizitateak saihesteko, kultur taldeekin harremana iraunkorragoa izateko, komunitatea gehiago biziberritzeko edota kultur taldeetan ez dauden norbanakoak proiektura biltzeko".

Hala, Kulturzale elkarteko bazkideek kultur komunitate artikulatuaren birmoldaketarako landutako proposamena bozkatuko dute biharko ezohiko batzarrean.